Errolda agirien izapidetza udal web orriaren bidez egiteko aukera eskaintzen du Amorebieta-Etxanoko Udalak

2010/09/07
• Izapide hori on-line egiteko aukera emango duen plataforma digitala jarri du abian Udalak, programa pilotu gisa, zornotzarrei egiaztagiria eskuratzeko erraztasuna emanez. Ordenagailu pertsonalean jasoko dute dokumentua, PDF formatuan. • Udal administrazio zerbitzuetarako irisgarritasun digitalerako beste urrats bat eman du Amorebieta-Etxanoko Udalak ekimen honen bidez

Amorebieta-Etxano, 2013ko martxoaren 6a. Amorebieta-Etxanoko bizilagunek errolda agiria beren etxean eskatu eta eskuratzeko aukera dute, Udalaren web orriaren bidez, udal izapide eskatuenetariko bat gauzatzeko erraztasunak nabarmen areagotuz horrela.
Horretarako, plataforma digitala (https://e-udala.amorebieta-etxano.net)  jarri du abian Udalak, programa pilotu gisa, zornotzarrei egiaztagiria eskuratzeko erraztasun handiagoak emanez. Ordenagailu pertsonalean jasoko dute dokumentua, PDF formatuan. On-line denez gero, eguneko  24 orduetan eta asteko 7 egunetan egin dezakete zornotzarrek eskaria.
Udal administrazio zerbitzuetarako irisgarritasun digitalerako beste urrats bat eman du Amorebieta-Etxanoko Udalak ekimen honen bidez.

Erabilera

Egiaztagiri digitala eduki behar dute plataforma honetaz baliatu nahi duten hiritarrek, dela NAN elektronikoa, dela Izenpe txartela, eta honelako egiaztagirietarako behar izaten diren softwarea behar bezala konfiguratuta (plataformak erabiltzaileen esku jartzen ditu software horiek deskargatzeko egin beharrekoak). Interneteko nabigatzaileaz https://e-udala.amorebieta-etxano.net helbidera iritsi eta jarraibideei erreparatuta, egiaztagiria eskatuko du, bere datuak zein diren adierazita. SMS edota posta elektroniko bidez mezua jasoko du egiaztagiria noiz iritsiko zaion jakinarazirik. PDF formatuan helduko dira dokumentuak hiritarrak plataforman duen gutunontzi pertsonalera.

Udalak ekimen pilotu honi egiten zaion harrera eta erabilera testatuko du eta, beharrezkoa gertatzera, hiritarren beharrizanen arabera egokituko.

Udalak, ekimen honen bidez, erroldatze agiriak eskuratzeko baliabide berri hau lehendik dauden bi erei gehitu dizkie. Honakoak ziren orain artekoak:
- Udaletxera bertara joan eta hantxe eskatuta.

- Internet bidez formulario digitala Udalaren web orrian (http://www.amorebieta-etxano.net/padron) bete eta agiria posta arruntaren bidez jasota gutxi gora behera bi egunekoa izaten den epearen buruan.