Erretiratuen etxea zabalik egongo da, berriz ere, asteburuetan eta jaiegunetan

2021/11/04
• Azaroaren 6ko eta 7ko asteburua izango da lehenengoa eta berrikuntzak izango dira. • Zentroak etenik gabeko ordutegia izango du, 10:15etatik 21:00etara.

Amorebieta-Etxanoko Udalak jakinarazi duenez, erretiratuen etxea zabalik izango da berriz ere asteburuetan eta jaiegunetan, normaltasuna berreskuratuz: azaroaren 6ko eta 7ko asteburua izango da aurrenekoa. Covid 19ak eragindako pandemiaren ondorioz 15 hilabetez itxita egon eta gero, erretiratutako pertsonen etxeak ekainean ireki zituen berriro ere ateak, hainbat murrizketarekin. Orain, asteburuak eta jaiegunak berreskuratuta, etxea %100ean egongo da berriro. Ainhoa Salterain Gandaraisek, berdintasun eta gizarte ekintzako zinegotziak gogorarazi du hilabete zailak izan direla guztiontzat, baina asteburuak eta jaiegunak berreskuratzea aurrerapauso handia dela pandemia aurreko egoerara pixkanaka itzultzeko: «zuhurtziaz jokatu dugu, osasuna da garrantzitsuena. Orain, asteburu eta jaiegunetan berriz irekitzeak, nolabait, ekarriko du gure adinekoak normaltasunera itzultzea. Etxea, Nafarroa Zentroan kokatua, aisialdirako leku bat da beraientzat, baina baita elkargune bat ere, harremanak izateko eta aliantzak sortzeko. Gainera, gure adinekoen egonaldiak are gehiago girotuko dituzten berrikuntzekin dator irekiera berri hau».

Etenik gabeko ordutegia eta berrikuntzak
Asteburuetan eta jaiegunetan irekitzearekin batera, zentroak etenik gabeko ordutegia berreskuratuko du: 10:15etik 21:00etara egongo da zabalik.

Erretiratuen Etxeko tabernak ere ordutegi bera izango du, eta larunbat arratsaldeetako dantzaldia ere bueltan izango da: lehenengoa datorren larunbatean da, azaroaren 6an, 18:30etik 20:30era, terrazan. Berrikuntza gisa, larunbatetan bingoan jokatuko ahal izango da: arratsaldeko 18:00etan hasita, opari interesgarriak izango dira irabazleentzat. Era berean, hileko lehen ostiralean babarrun jatea eskainiko da Nafarroa Gourmetean, sakramentuekin, piperrekin eta azarekin. Eta Gabonei begira, menu berezia prestatu dute abenduaren 23rako; aurrez erreserbatu behar da 677 10 67 12 zenbakira deituta.

Gabonetako merkatu solidarioa
Gabonekin jarraituz, Zornotzako jubilatuen elkarteak Gabonetako azoka solidarioa antolatuko du abenduan zehar, erretiratuen etxean. Azoka horretan jaietarako oroigarri politak eskuratu ahal izango dira, eta bildutako guztia minbiziaren ikerketari emango zaio.