Enrike Renteria pintura-lehiaketaren XX. edizioa egingo da igande honetan Amorebieta-Etxanon

2017/07/06
• Lehiaketan parte hartzeko bi modu daude: aire zabalean egiten den ohiko lehiaketa eta "Zintzilik" lehiaketa, herriko balkoietan ikusgai jartzen den lanik onena saritzen duena • Zornotzako margolari ospetsua Euskal Artisten Elkarte prestigiotsuko kide izan zen, 1937an elkartea desagertu zen arte

Amorebieta-Etxano, 2017ko uztailaren 6an. Bizilagun ospetsuenetako bat omenduko du beste behin Amorebieta-Etxanok: Enrike Renteria margolaria. Hala, igandean, uztailak 9, Enrike Renteria Pintura Lehiaketaren XX. edizioa egingo da udalerrian. Zornotza Arte eta Kultura Elkarteak (SACZ) antolatu du lehiaketa, Ametx udal-erakunde kulturalaren laguntzarekin.

Lehiaketan parte hartzeko bi modu daude: aire zabalean egiten den ohiko lehiaketa eta "Zintzilik" lehiaketa, herriko balkoietan ikusgai jartzen diren lanik onenak saritzen dituena. Azken horiek lehiaketaren eguna baino lehen egiten dira eta gaur hasi eta herriko jaiak amaitu arte egongo dira ikusgai.

Pintura lehiaketa

Amorebietako hirigunea eta Etxanoko gune historikoa izango dira aire zabaleko pintura- lehiaketa lanetarako kokalekuak. Parte-hartzaileei aldez aurretik jakinaraziko zaie bertan garatu beharko dituzten gaiak. Aurtengo nobedade bezala, Juan Bautista de Larrea elizan (El Karmen) margotu ahal izango da.

Parte-hartzaileek Zelaieta zentroan zigilatuko dituzte oihalak goizeko 9:00etatik 11:00etara. Hamalau urtetik gorako parte-hartzaileek 15 euro jasoko dituzte. Lehiakide bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du. Bakoitzak nahi dituen teknikak eta neurriak erabili ahalko ditu, eta lanak arratsaldeko 16:00etatik 17:00etara bitartean entregatu beharko dira. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: SACZek izendatutako bi kritikari, Ametxek izendatutako beste kritikari bat eta SACZ elkarteko bazkide bat. Irabazleen izena 18:00etan jakinaraziko da Zelaieta zentroko entzunaretoan.

Guztira zazpi lan sarituko dira: Lehenengo saria 500 eurokoa izango da; bigarrena, 400 eurokoa; hirugarrena, 350 eurokoa, eta laugarrena, bosgarrena eta seigarrena, 300 eurokoak. Horrez gain, 200 euroko accesit bat emango zaio tokiko obrarik onenari.

Haurrei dagokienez (14 urtetik beherakoak), lehenengo saria lortzen duenak margotzeko asto bat eta margo-kutxa bat jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren postuan geratzen direnek, berriz, margo-kutxa bana jasoko dute.

Haurrek ere lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute, eurentzako mahai batzuk jarriko baitira Zelaieta parkean euren “lan” propioak egiteko.

Lan saridun guztiak antolatzaileen esku geratuko dira eta uztailaren amaierara arte ikusgai jarriko dira Zelaieta zentroko erakusketa-gelan. Gainera, aurten, hogeigarren urteurrena dela eta, aurreko urteetako lanak ikusgai egongo dira.

 Zintzilik

 Herriko balkoietan ikusgai jartzen diren lanik onenak sarituko dituen “Zintzilik” arte esekiaren lehiaketako epaia ere igandean jakinaraziko da, 18:00etan.

Horretarako, parte-hartzaileek, izena ematearekin batera, 1,30 x 1,50 metroko olana jaso dute. Edozein gai jorratu daiteke, baina margo iraunkorrak erabili behar dira, eguraldi txarrari aurre egite aldera; izan ere, lanak Zornotzako hiriguneko balkoietan jarriko dira ikusgai.

Epaimahaia honako hauek osatzen dute: SACZek izendatutako bi kritikari, Ametxek izendatutako beste kritikari bat eta SACZ elkarteko bazkide bat.

Parte hartzaileen artean lau sari banatuko dira: 400 euroko lehenengo saria, 300 euroko bigarren saria, 200 euroko hirugarren saria eta herritar batek egindako lanik onenaren saria, hori ere 200 eurokoa.

Enrike Renteria

Enrike Renteria Mardaraz Larrean (Amorebieta, Bizkaia) jaio zen, 1900eko otsailaren 9an. Autodidakta izan zen eta Kaitanako eskolan ekin zion margotzeari.  1924an, Juan Gorbeak eta Athleticeko kapitaina zen Luis Icetak, Renteriaren lana ikusita, Isidoro Guinea eta Antonio Guezala margolariei erakutsi zieten.   Urte hartan bertan sartu zen Euskal Artisten Elkartean eta bertan iraun zuen bazkide, 1937an elkartea desagertu zen arte.

Bokazioko margolaria izan zen Renteria. Bere hartan eutsi zion jarrera hari eta gogor egin zuen borroka margotzen jarraitu ahal izateko. Renteriak, pintore lanetan murgilduta, beti eskaini zien arreta berezia naturak bere dituen ñabardurei. Horrela, distira, isla, euriaren hezetasuna, egunsentiko behe-lainoa edota ezkutatzera doan eguzkiaren epeltasuna dira, besteak beste, bere lanetan islatzen diren elementuetako batzuk. Aire zabalean, ñabardura guzti-guztiak islatuz.