Enrike Renteria pintura lehiaketaren XVII. edizioa gauzatuko da asteburu honetan Amorebieta-Etxanon

2014/07/09
- Lehiaketan parte hartzeko bi era daude: kanpoan egiten den txapelketa tradizionala eta “Zintzilik”, herriko balkoietan ikusgai dauden lanetatik onenak saritzen dituena. - Margolaria Euskal Artisten Elkarte ospetsuaren kide izan zen, 1937an elkartea desagertu zenera arte.

Amorebieta-Etxano, 2014ko uztailaren 09a. Bizilagun ospetsuenetako bat omenduko du berriro ere Amorebieta-Etxanok aurten: Enrike Renteria margolaria. Horrela, igandean, uztailak 13, Enrike Renteria Pintura Lehiaketaren XVII. edizioa  ospatuko da udalerrian. Zornotza Arte eta Kultura Elkarteak (SACZ) antolatuta dago lehiaketa, kulturaren Ametx udal erakunde autonomoaren kolaborazioarekin.

Bi era daude lehiaketan parte hartzeko: kanpoan egiten den txapelketa tradizionala eta “Zintzilik”, izenak dioen bezala, herriko balkoietan esekita dauden lanetatik onenak saritzen dituena. Azken horiek lehiaketa eguna baino lehen egindakoak dira eta ikusgai egongo dira igandetik bertatik, herriko jaiak amaitu arte.

Pintura lehiaketa

Amorebietako hirigunea eta Etxanoko gune historikoa izango dira kanpoko pintura lehiaketa lanetarako kokalekuak. Partaideek Zelaieta zentroan zigilatuko dituzte oihalak goizeko 9:00etatik 11:00etara. Hamalau urtetik gorako partaideek 15 euroko ordaina jasoko dute. Lehiakide bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko du, beraiek aukeratzen dituzten teknika eta neurriak erabili ahalko dituzte, eta arratsaldeko 16:00etatik 17:00etara bitartean entregatuko dituzte lanak. SACZek izendatutako bi kritikarik, Ametxek izendatutako beste batek eta SACZen bazkide batek osatuta dagoen epaimahaiak arratsaldeko 18:00etan jakinaraziko du zein den epaia.

Lehenengo saria 500 eurokoa izango da; bigarrena, 400 eurokoa; hirugarrena, 350 eurokoa, eta laugarrena, bosgarrena eta seigarrena, 300 eurokoak. Saririk gabeko herriko margolaririk onenarentzako accesita ere izango da, 200 eurokoa.

Umeen mailari dagokionez (14 urtetik beherakoak), lehenengoarentzako saria kaballetea eta margo-maletatxoa izango dira. Bigarren eta hirugarren geratzen direnek, berriz, margo-maletatxoa jasoko dute.

Lan saridun guztiak antolatzaileen esku geratuko dira, eta ikusgai jarriko dituzte Zelaietako erakusketa-gelan uztailaren amaierara arte.

Zintzilik

Herriko balkoietan ikusgai dauden lanetatik onenak sarituko dituen “Zintzilik” arte esekiaren epaia ere igandean jakinaraziko da, arratsaldeko 18:00etan.
Lehiaketaren era honetan parte hartzen dutenek, izena ematearekin batera, 1,30 x 1,50 metroko olana jaso zuten. Nahi duten gaia erabil dezakete, baina margoek eguraldiaren eraginaren aurreko erresistentzia izan behar dute, kanpoan baitaude ikusgai, hiriguneko etxeetako balkoietan esekita.

Antolatzaileek aukeratuta dauzkate jadanik, ekainaren 28ra bitartean entregatutako lanen artean, hiriguneko balkoietan zintzilikatuko diren lanak. SACZek izendatutako bi kritikarik, Ametxek izendatutako beste batek eta SACZen bazkide batek osatuta dago epaimahaia.

Parte hartzen dutenen artean lau sari banatuko dira: 400 euroko lehenengo saria, 300 euroko bigarren saria, 250 euroko hirugarren saria eta herritar batek egindako lanik onenarentzako saria, hau ere 200 eurokoa.

Lehiaketaren era bietako sarien banaketa Zelaieta zentroan izango da, uztailaren 13an bertan, arratsaldeko 18:00etan.

Enrike Renteria


Enrike Renteria Mardaraz Larrean (Amorebieta, Bizkaia) jaio zen, 1900eko otsailaren 9an. Autodidakta izan zen, eta Kaitanako eskolan zebilela ekin zion margotzeari. 1924an, Juan Gorbeak eta Athleticeko kapitaina zen Luis Icetak, Renteriaren lana ikusita, Isidoro Guinea eta  Antonio Guezala margolariei erakutsi zieten. Urte hartan bertan sartu zen Euskal Artisten Elkartean, eta bertan iraun zuen bazkide, 1937an elkartea desagertu zenera arte.
Bokazioko pintorea izan zen Renteria. Bere hartan eutsi zion jarrera hari eta gogor egin zuen borroka margotzen jarraitu ahal izateko. Renteriak, pintore lanetan murgilduta, beti eskaini zien arreta berezia naturak bere dituen ñabardurei. Horrela, distirak, islak, euriaren hezetasuna, egunsentiko behe-lainoa edota  ezkutatzera doan eguzkiaren epeltasuna izango dira, besteak beste, beraren lanen elementuetako batzuk. Aire zabalean, xehetasun guzti-guztiak apuntaturik.