Energiaren kontsumoa % 40 gutxituko da udaletxe berrian, lurraren barruko berotasunaren aprobetxamenduari esker

2009/12/11
•Obrak hasi zirenetik urtebete igarota, azken txanpari ekin zaio eta, aurreikusita zegoen bezala, udan emango zaie amaiera lanei •Lur-azpiaren energia geotermikoa aprobetxatuko du eraikinak 100 metroko sakonera edukiko duten eta datorren astean zulatzen hastekoak diren 16 zundaren bidez •Eraikin berriaren irisgarritasuna % 100ekoa izango da, eta aurrekoak baino 700 metro koadro gehiago izango ditu erabilgarri

Amorebieta-Etxano, 2009ko abenduaren 11a. Joan den urteko azaroaren 25ean  eman zitzaien hasiera udaletxea berriztatzeko lanei. Urtebete igaro den honetan, altxaturik dago udaletxe berriaren egitura, eta burututa daude, era berean, lanik nekezenak: udaletxe zaharraren eraisketa, indusketak, fatxada berria ia osorik (% 90), igeltserotza-lanak,  zimenduak, hormigoizko egitura berria eta estalkiak, besteak beste direla.
Eraikin berrian % 40 gutxituko da energiaren kontsumoa, energia geotermikoa, hau da, lurraren barruko berotasunaren aprobetxamenduaren bidez lortzen  dena, aprobetxatuko baita. Funtzionamenduaren printzipioak oso sinpleak dira: elektraindarrak elikatutako bero-ponpa da, diametro txikia duten eta 100 bat metroko sakoneran dauden putzuen (16) sare bati lotuta dagoena zunda baten bidez. Lur-azpiaren berotasuna 15-17º-koa da etengabe, eta berotasun hori xahutu edo xurgatuko du putzuetan sartutako zundan barrena dabilen likidoak.
Sistema horren osagarria izango da zoru erradiatzailea. Berogailuek baino tenperatura baxuagoa behar duelarik, berotasun uniformeagoa ematen du, eta horri esker areagotu egiten da energia-etekina, geotermiaren osagarri egokia izanik.
Berriztatze lanek beste zazpi hilabete iraungo dute eta, besteak beste, honako beharrak burutuko dira: pladurrezko eta egurrezko sabaiak, arotzeria, pintura, eraikinaren ekipamendua eta garbiketa lanak. 
Birmoldaketa
Oinarrizko bi xede lortu nahi izan dira udaletxea berriztatu eta handiagotzeko lanekin, eraikinaren hiri-estetika hobetzearena alde batera utzita. Lehenengo eta behin, eta lehentasunezko helburua izanik, irisgarritasun-baldintzak betetzen dituen eraikina diseinatu da, hiritar guztientzat erabilgarria izan dadin. Bigarrenez, eraikinaren  espazioen banaketa optimizatuko da, zerbitzuak eta hiritarrentzako arreta-guneak ahalik eta egokienak izan daitezen.
Arkitektura eta historia balioa zuten elementuak errespetatu ditu proiektuak: beheko solairuaren fatxada eta plaza guztia, fatxada nagusia eta alboak uztartzen dituzten arkuak. Administrazio- eta politika-funtzioen antolaketari dagokionez, berriz, behetik gora eta era progresiboan gauzatuko dira; hau da, beheko solairuan ezarriko dira hiritarrei hurbilen zaizkien zerbitzuak (HAZ, erregistroa, errolda, zerga-bilketa), eta goiko aldean, ordea, politikarekin eta ordezkaritzarekin lotuta dauden elementuak: osoko bilkuretarako aretoa eta batzordeen gela. Lehenengo solairuan administrazio-arloa antolatuko da eta bigarrenean alkatetza eta idazkaritza.
Berriztatze lanak aprobetxatuz, lehenago ez zegoen sotoa ere atera da, eta bertan instalatuko da artxibategi orokorra.
Iraunkortasuna
Arestian aipatutako aprobetxamendu geotermikorako bero-ponpaz gain, aipatzekoak dira iraunkortasuna aintzat hartuta erantsitako bestelako baliabide batzuk ere. Arautegian adierazitakoak baino isolamendu-lodiera handiagoak erabili dira, esaterako, hutsuneen diseinua modu berezian zaindurik, zubi termikorik gerta ez dadin. Aireztapen natural gurutzatuaren sistema ere instalatu da, eguzkiaren aprobetxamendu pasiboa handiagoa izango da, eta lanerako gelen banaketa jardueraren zati handi bat argi naturalaz burutu ahal izateko moduan diseinatu da.
Argiztapen artifizialerako, berriz, sentsore batzuk ezarriko dira, intentsitatea argi naturalaren arabera modulatuz argitasunaren eragingarritasun handiena lortze aldera.