Eñaut Elorrietaren, Go!azen taldearen eta Izaroren zuzeneko musika eta antzerki abangoardistena urtea agurtzeko

2020/12/24
Amorebieta-Etxanoko kultura eskaintza zeharo beterik dator 2020aren azken txanpa honetan: Eñaut Elorrietaren, Go!azen taldearen, Zetak-en eta Izaroren musika, antzerki abangoardistena eta online ekitaldi ezberdinak urtea ixteko. Gogoratu ekitaldi guztietarako sarrerak sarrerakzornotzaaretoa.com web-gunean eta Zornotza Aretoko leihatilan bertan eskuratu al izango direla.

Amorebieta-Etxano, 2020ko abenduaren 24ean, osteguna. Amorebieta-Etxanoko kultur agendak ez du atsedenik hartzen eta 2020 urte zail hau ahalik eta hoberen amaitzeko, saihestu ezineko zita ezberdinekin dator. Abenduaren 26an, larunbatean, Go!azen-eko neska-mutilek beren euskarazko gazteentzako musika ikuskizuna aurkeztuko dute Zornotza Aretoan saio bikoitz batean, goizeko 12,30etan bata eta arratsaldeko 5etan bestea. Orain arte antzokietan sekula egin ez duten ikuskizun berri batekin datoz aurten: kontzertua! Denboraldi honetako 6 aktore oholtza gainean arituko dira abesten, dantzatzen eta telesailari buruzko kontu dibertigarriak azaltzen. Denboraldi berriko abestiak, aurreko denboraldietan kantatutako abesti ezagunenekin uztartzen dituen emanaldia da hau.

 Igandeko ikuskizun nagusia, saio bikoitzean, 12:30/17:00etan, Zornotza Aretoan, Mirei Miracle-ren Rojo antzezlana izango da. Rojo Mirei Miracle clown-ak sortutako, zuzendutako eta interpretatutako eta publikoarekin, dantzarekin eta umorearekin interakzioa duen clown espektakulu bat da. 2018an, ikuskizuna antzoki eta leku itxietara egokitu zen. Kalean estreinatu zuten arren, aretoan zentzu zabalagoa eta sakonagoa hartzen du; izan ere, ikusleekin inprobisazio-jokoari eusten dio eta gainera, irudien poetikak eta estetikaren zaintzak aretoak eskaintzen dituen argiztapena eta aukerak nabarmentzen dituzte.

 Zuzeneko musika eta antzerkia

 Abenduaren 28a, astelehena, gaztetxoenentzako ikuskizun batekin hasiko da. Txirri, Mirri eta Txiribiton berrituek beren ibilbide luzetik atera duten eta garai berrietara egokitu duten “Xaguxarroski Kondea” emanaldia eskainiko dute Zornotza Aretoan saio bikoitzean, 12:30/17:00. Ondoren, gabonetako ekitaldi nagusietako bat: etengabe esperimentatzeko eta hobetzeko pasioak eraginda, Eñaut Elorrietak Irteera argiak” bere proiektu berria aurkeztuko du Amorebieta IV Frontoian 19.00etatik aurrera. Berak osatutako letrez gain zenbait idazleren hitzak ere musikatu ditu: Uxue Alberdi, Joseba Sarrionandia eta Jose Luis Otamendi, besteak beste.

 Abenduaren 29an, asteartean, Xampatito Pato konpainiak, aintzatespen nabarmena izan duen “Só” zirku-antzerki ikuskizuna aurkeztuko du saio bikoitzean Zornotza Aretoan, bata 12.30etan eta bestea 17:00etan. Testurik gabeko lan eklektiko honek, bere espeziean izaki bakarra den pertsonaia obsesibo eta zorrotz bat aurkezten du; kaos honetatik, irria berpizten den unibertso bat agertzen da, erokeria umoretsu bat sortu eta izaki berri batean bilakatzen da.

19:00etatik aurrera, Amorebieta IV Frontoian Zetak taldearekin hitzordua. Pello Reparazek eta bere inguruko talde osoak beren gain hartu dute musika-taldeen ohiko esparrua gainditzeko eta hura zabaltzeko erronka, baina, hori bai, musika ardatz nagusitzat hartuta, musika elektronikoaren aldeko apustua egin dute.

Abenduaren 30ean, asteazkenean, zine emanaldi berezia familia guztiarentzat eta euskaraz. 12.00etatik aurrera, Gorka Vázquez-ek zuzendutako “Olentzero eta Iratxoen jauntxoa” animazio filma ikusteko parada izango da Zornotza Aretoan. Anje Pirineotako herrixka eder batean bizi da eta Olentzero ezagutzen duen haur bakarra izanik, bere ametsa Olentzeroren laguntzaile izatea da. Olentzerok, ordea, gazteegia dela uste du eta lantxo bat emango dio: bere oparien tailer magikoa garbitzea. Anjek, aldiz, hanka sartze txiki bat egingo du. Berriro Iratxoa giltzapera bueltatzea lortuko al du Anjek? Laguntza beharko du, laguntza andana!!!

Egun berean, arratsaldeko 17.00etatik aurrera, Anita Maravillas antzerki-taldeak “Jon Braun” txotxongilo bidez garatutako obra eskeiniko du Zornotza Aretoan; maitasunak zoritxarra garaitu dezakeela kontatzen duen abenturaz beteriko western bat. Eta urtea amaitzeko euskal musikaren adierazgarri den beste artista bat: Izaro. Abeslari bizkaitarrak bere azken lanetan oinarritutako emanaldia eskeiniko du Amorebieta IV Frontoian 19:00etatik aurrera.

Gogoratu ekitaldi guzti hauetarako sarrerak sarrerakzornotzaaretoa.com web-gunean eta Zornotza Aretoko leihatilan bertan eskuratu al izango direla.

Online ekitaldiak

Online edo telematikoki garatuko diren ekitaldiei dagokienez, Fran Lasuen artista anitz eibartarrak zuzendutako “Arrabita oroituz – Recordando el rabel” documentala (abenduak 26), Zornotzako Kine Zineklubaren Historiari buruzko dokumentala (abenduak 28) eta Irakurlearen Txokoaren X. urteurrena ospatzeko Marieta Soul sormen espazioak ekoiztutako dokumentala (abenduak 30) nabarmendu ditzakegu. Gogoratu online ekintza guztiak 11:00etatik aurrera eskeiniko direla amorebietaetxano.eus eta zornotzaaretoa.eus web-orrialdeen bidez.