Kultur jardueren egitaraua antolatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak Emakumeenganako Indarkeriaren aurkakoa Nazioarteko Egunerako

2012/11/21
• Herritarrengan gizarte gaitz honen kontrako kontzientzia piztea eta emakumeenganako indarkeria egoerei buruzko hausnarketa eta prebentzioa eragitea da ekimen honen helburua. • Azaroaren 19tik 30era bitartean, Emakume nekazariak. Eskubideak eta errealitateak izeneko erakusketa izango da ikusgai Zelaieta zentroan. • Komiki feministen eta genero indarkeriaren aurkako komikien erakustaldiak, eta inguru honetako hitzaldia izango dira udal liburutegian. • Azaroaren 24an, larunbata, iluntzeko 20:00etan, “Alaiak”, “Juravca” eta “Xuxurlariak” herriko abesbatzek, Udabarri Dantza Taldeak lagunduta, musika emanaldia eskainiko dute Zornotza Aretoan. Talde guztien partaidetza desinteresatua izango da, jarrera eta indarkeria sexisten aurkako borrokaren alde eginez horrela. • Azaroaren 25ean kontzentrazioa egingo da. Emakumeenganako indarkeriaren aurkako aldarrikapena irakurriko da bertan. Eguerdiko 13:00etan izango da Amorebieta-Etxanoko Herriko plazan.

Amorebieta-Etxano, 2012ko azaroaren 21a. Azaroaren 25an, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Berdintasun Arloak, Udal Liburutegiarekin eta Kultura eta Euskara Sailarekin batera, hainbat ekimen  jarriko ditu abian azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean. Herritarrengan gizarte gaitz honen kontrako kontzientzia piztea eta emakumeenganako indarkeria egoerei buruzko hausnarketa eta prebentzioa eragitea da ekimen honen helburua.

Argazki erakusketa

Azaroaren 19tik 30era bitartean, Emakume nekazariak. Eskubideak eta errealitateak izeneko erakusketa izango da ikusgai Zelaieta zentroan.

Mundubat GKEk antolatuta, Enrique Pimoulier Laspeñas argazkilari nafarraren lana izango da ikusgai erakusketa honetan.

Kolonbia, Bolivia, Chiapas (Mexiko) eta Guatemalako landa erkidegoetan eginda daude argazkiak. Beren eskubideak lortzeko borrokan dabiltzanen eguneroko errealitatea erakusten duten irudiak dira, emakume nekazariak izanik protagonista nagusiak.

Emakume hauek, hala landa munduaren garapenean eta erkidegoetan, nola ingurumenaren artapenean egiten duten lana balioestea da erakusketara bildutako argazkien helburua.

Hogeita bost urtetik gorako esperientzia dauka Pimoulierrek argazkilaritza profesionalean, eta hiru aldiz eman diote Argazkigintza Humanitarioaren Luis Valtueña Nazioarteko Saria (1998an eta 2002an, Sari Ofiziala; 2007an, berriz, Azken 10 Urteetako Argazkirik Onenarentzako Saria). AGFAk argitaratu zuen Mende amaierako irudiak liburuan ere ageri da beraren lana.  Duintasunerako irudiak izeneko talde-erakusketara gonbidatu zuen Photo Españak Pimoulier 1999an.

Udal liburutegian

Zelaieta zentroko udal liburutegiak bertako ondaretik hautatutako liburuen erakusketa antolatu du. Indarkeria matxista errotik desagerraraztearen aldeko borroka irudikatzen duten lanen aukeraketa izango da.

Halaber, komiki feministen eta genero indarkeriaren aurkakoen erakustaldiak izango dira espazio berean. Emakumeek pairatzen duten indarkeria moten gaineko hausnarketa - indarkeria fisikoa, ahozkoa, psikologikoa, sinbolikoa…- irazeki nahi da irudion bidez, komikien munduan horren isla nolakoa den erakutsirik. Komiki bortitzen, sexisten eta misoginoen kontra, parodia eta umorea erabilita, komiki feministek sortutako irudiak erakustea de asmoa.

Biñeten munduan jarraituz, azaroaren 22an, iluntzeko 19:00etan, hitzaldia izango da Zelaieta zentroko auditorioan, Genero indarkeria eta komikia izenburuaz, emakumeentzako Skolastika literatura eskolako kidea den Josune Muñozen eskutik.  Ondoren, bisita gidatua egingo da erakusketetara.

Musika emanaldia Zornotza Aretoan

Azaroaren 24an, larunbatarekin, iluntzeko 20:00etan, “Alaiak”, “Juravca” eta “Xuxurlariak” herriko abesbatzek, Udabarri Dantza Taldeak lagunduta, musika emanaldia eskainiko dute Zornotza Aretoan. Talde guztien partaidetza desinteresatua izango da, jarrera eta indarkeria sexisten aurkako borrokaren alde eginez horrela.

Kontzentrazioa eta aldarrikapenaren irakurketa

Azkenik, azaroaren 25ean kontzentrazioa egingo da. Emakumeenganako indarkeriaren aurkako aldarrikapena irakurriko da bertan. Eguerdiko 13:00etan izango da Amorebieta-Etxanoko Herriko plazan.

Jarduera paraleloak

Indarkeria sexistaren prebentziorako, EUDELen ekimenez sortutako Beldur Barik kanpainaren zabalkundea egin du Udaleko Berdintasun Arloak urte guztian zehar gazteenen artean. Kanpainaren ikurra den puntu liladun kartelak banatuko dira azaroan, EUDELek argitaratutako  Neska-mutilak indarkeria sexistaren aurka gidarekin batera, hala eskatzen duten ikastetxeetan. Genero indarkeriaren prebentziorako tailerrak emango zaizkie aurtengo ikasturtean ere udalerriko lau ikastetxetako DBH 3ko ikasleei.