Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna Amorebieta-Etxanon

2014/05/18
• Emakumea eta Euskal Pilota izeneko erakusketa izango da ikusgai Zelaieta zentroan, emakumeek kirol honetan burututako lanaren zenbaterainokoa balioetsiaz. • Iraia García atleta zornotzarrak Gu bebai runners aurkeztuko du hilaren 28an. Udalerriko beste emakume batzuekin osatzen duen talde honetan espazioak eta uneak partekatzen dituzte kirolean jardun bitartean. • Sexualitatearen inguruko gaien lanketari ekin diezaiokete gazteek maiatzaren 30erako programatu den jolasean. • Maiatzaren 31n, azkenik, goizeko 11:00etan hasita, azken urteotan burutu ohi diren Martxa eta milla eta Txikiolinpiadak izango dira.

Amorebieta-Etxano, 2014ko maiatzaren 19a. Amorebieta-Etxanoko Udaleko berdintasun sailak hainbat ekimen antolatu du maiatzaren 28an ospatzen den Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza Egunerako. Emakumeek euren osasunari eman behar dioten garrantzia agerian uztea da ekimenaren xedea, horrekin batera emakume zornotzarren partaidetza bultzatzeko ahalegina burutuz.

Lau izango dira egitaraua osatzen duten jarduerak: Emakumea eta Euskal pilota izeneko erakusketa, Gu bebai runners ekimena, Sexuen Trivial jokoan jolasa eta dagoeneko ohikoak diren Martxa eta milla eta Txikiolinpiadak.
Maiatzaren 19an jarriko da ikusgai Emakumea eta Euskal Pilota izeneko erakusketa Zelaieta zentroan, eta ekainaren 1era arte iraungo du. Euskal pilotan emakumearen presentzia eta pisua zenbaterainokoak izan diren erakustea du xede, arlo honetan egindakoak aintzatetsi nahian. Euskal Herrian famatuen den arren, mundu mailan dago zabalduta pilota jokoa, eta asko dira garatutako aldaerak. Betidanik lotu izan da gizonezkoekin, baina antzinatikoa da emakumeen partaidetza kirol honetan. Zesta puntan hasiera batean, pala-jokalariak... Halatan ere erraketa izan zen, 1917an hasi eta 80ko hamarkadara bitartean, emakume gehien eta maila gorenekoak bereganatu zituen modalitatea. Euskal kirol-munduko lehenengo profesionalak esparru honetan jardun zirela baiezta daiteke.

Gu bebai runners izeneko ekimena, bestalde, Iraia García atleta zornotzarraren eskutik datorkigu. Udalerriko beste emakume batzuekin batera osatu duen taldea aurkeztuko digu maiatzaren 28an. Kirolean aritu bitartean, espazioak eta uneak partekatzen dituzte runner hauek. Iluntzeko  20:00etan izango da aurkezpena Zelaieta zentroan.

Bi egun geroago, maiatzak 30, ostiralarekin, Sexuen trivial jokoan aritzeko aukera izango dute herriko gazteek. 11 urtetik gorako neska-mutilak taldeka ibiliko dira sexualitatearen inguruko gaiak lantzeko jolas honetan.
Maiatzaren 31n, azkenik, goizeko 11:00etan hasita, Martxa eta milla eta Txikiolinpiadak gauzatuko dira, Zubiondo parketik irtenda. Proben logoa duen kamiseta jantzita abiatuko dira emakume partaideak.