Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza-Eguna ospatuko du Amorebieta-Etxanoko Udalak

2010/09/07
• Goi mailako 69 kirolariren argazkiak biltzen dituen “Aurrera beti, emakume kirolariak” erakusketa dago ikusgai Zelaieta zentroan. • Emakumeentzako bi kirol proba herrikoi izango dira ekainaren 1ean: lau kilometroko martxa eta milia bateko krosa. • Txikientzat gozagarri Txiki-Olinpiadak: futbol-hockey, mini-golf, herri-kirol, eta patinaje eta skate txapelketak, besteak beste direla.

Amorebieta-Etxano, 2013ko maiatzaren 24a. Amorebieta-Etxanoko Udaleko berdintasun arloak hainbat ekintza antolatu ditu maiatzaren 28an ospatzen den Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza-Egunarekin bat egiteko.

Ekitaldioi hasiera emanez, “Aurrera beti, emakume kirolariak” erakusketa dago ikusgai Zelaieta zentroan maiatzaren 30era bitartean. Horren ondoren, ekainaren 1ean, dagoeneko klasiko bihurtu diren martxa herrikoia eta milia bateko krosa izango dira. Horiekin batera, Txiki-Olinpiadak. 

Udalerriko emakume guztiei zuzenduta daude jarduera hauek, eta ez dute eskatzen sasoi bereziki onean egotea. Egunaz gozatzea da ekimenon helburu nagusia eta, hori horrela, emakume guztiak animatu nahi ditu Udalak, bertaratu, korrika egin, partekatu eta ospakizunaz goza daitezen. 

Erakusketa Zelaietan

“Aurrera beti, emakume kirolariak” erakusketaren bidez, emakumeak kirol-alorrean ere ikusgai agerraraztea da lortu nahi dena, euren esfortzuak eta euren lorpenak irudikatuz. Hori horrela, 1990etik 2013ra bitarteko garaipenetako asko islatzen ditu. Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioari atxikita dagoen Emakumearen Institutuak antolatua, hainbat balore transmititzen dizkigute irudiek: grina, gogoa, lana, solidaritatea, ekipoa.... 

Arlo ezberdinetako goi mailako hirurogeita bederatzi emakume kirolariren irudiak ikusi ahalko dituzte erakusketara bertaratzen direnek: kirolari olinpikoak, paralinpikoak, gutxienen kirolak edota lehiarik ez dakarten kirolak, epaileak, batzorde- eta federazio-buruak, beste batzuen artean.

Milia bat emakumeen osasunaren alde

Ekainaren 1ean, larunbatarekin, emakumeentzako bi kirol proba herrikoi izango dira: lau kilometroko martxa eta milia bateko krosa. Emakumeek kirolean parte hartzea sustatzea du xede ekimen honek, gorputzarekiko kultua alde batera utzi eta kirola ohitura osasuntsu gisa ulertuta. Proba biak abiatuko dira Zubiondo plazatik. Martxa goizeko 11:00etan hasiko da eta Jauregibarria parkean barrena izango da. Ordubete geroago, 12:00etan, emakumeen osasunaren aldeko milia bateko kros probari emango zaio hasiera. Parte hartzen duten emakume guztiei kamiseta bat emango zaie, probetarako jantz dezaten. 

Txiki-olinpiadak

Azkenik, Txiki-Olinpiadak antolatu ditu Udalak. Kirola eta jolasa konbinaturik, txikienak inplikatzea eta helburuaz bat egitea da ekintza honen xedea. 

Besteak beste direla, futbol-hockey, mini-golf, herri-kirol, eta patinaje eta skate txapelketak antolatuko dira 3 eta 16 urte bitarteko ume eta gazteentzat, goizeko 11:30ean hasi eta eguerdiko 13:30era bitartean.