Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunak Amorebieta-Etxanon

2010/09/07
• Martxoaren 8an, eguerdiko 13:00etan, ohiko kontzentrazioa izango da Herriko plazan eta erakunde-adierazpena irakurriko da bertan • Martxoaren 9an, larunbatarekin, goiz osoan, Emakumeen Artisautza eta Nekazaritza Azokaren XVI. edizioa ospatuko da Zelaieta parkean

Amorebieta-Etxano, 2013ko martxoaren 04a. Amorebieta-Etxanoko Udaleko Berdintasun arloak, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko Udal Batzordearekin batera eta Kultura arloaren lankidetzarekin, udalerrian Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldiak antolatu ditu martxoaren 8rako.

Martxoaren 8an, eguerdiko 13:00etan, ohiko kontzentrazioa izango da Herriko plazan eta erakunde-adierazpena irakurriko da bertan.

Egun berean, arratsaldeko 17:30ean hasi eta 20:30era bitartean, kale animaziorako ekimen originala gauzatuko da: dinamizatzaile bat herriko erdialdeko kaleetan zehar ibiliko da, argazkilaria lagun duela, zornotzarrak animatuz berdintasunaren aldeko argazkietan atera daitezen. Udalaren web orrian argitaratuko dira argazkiak.

Nekazaritza eta Artisautza Azoka

Larunbatean, martxoak 9, goiz osoan, Emakumeen Artisautza eta Nekazaritza Azokaren XVI. edizioa ospatuko da Zelaieta parkean.
Euskal Herriko hainbat tokitatik etorriko diren emakumeek era askotako produktuak bertaratuko dizkigute: ogia, ahatekiak, gozogintza, mermeladak eta frutaz egindako gozoak, etxeko hanburgesak, barazkiak, gazta eta esnekiak, bitxigintza, larrua, zeramika, xaboiak, jantzi eta osagai birziklatuak...
Txosna ere izango da leku berean, produktu tipikoak dastatzeko: taloa eta txorizoa, sagardoa eta txakolina.

Amorebieta-Etxanoko Zubiaur Musika Eskolako trikitilariek eta Udabarri Dantza Taldeko dantzariek saioak eskainiko dituzte, goiza giroturik.

Herri Kirolen erakustaldia ere izango da: lasto lasterka, txingak, trontza eta soka tira. Emakume kirolariak izango dira proba hauetako guztietako partaideak.

Bestelako jarduerak

Kultura saioak ere programatu dira Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko:
- Otsailaren 28an E.L. James idazle britainiarraren 50 sombras de Grey best seller erotikoaren literatura eta gizarte arrakastaren gaineko hitzaldi-solasaldia izan zen Zelaieta zentroan. Skolastika taldeko Josune Muñozek zuzendu zuen literaturaren mugez gaindiko fenomeno honen inguruko hausnarketa.

- Zine Klubak Emakumeak izeneko ziklo tematikoa programatu du martxorako. Honako filmak proiektatuko dira: Mathie Amalric-en Tornée (martxoaren 5ean); Lucía Puenzoren XXY (martxoaren 12an) eta Patricia Ferreiraren El nens salvatges (martxoaren 19an). Astearteetan izango dira, iluntzeko 20:00etan. Sarreraren prezioa 4 eurokoa da.

- Martxoaren 15ean umeentzako ipuin kontalaria izango da Zelaietan. Txotxongiloen Urrezko Sagarra ikuskizuna eskainiko zaie emanaldi bitan: lehenengoa 18:00etan, 3 - 4 urteko umeentzat eta 18:30ean bestea, 5 eta  7 urte bitarteko umeei zuzenduta.

Pelbis zoruari buruzko hitzaldia.

Emakumeen osasunari buruzko prestakuntza-hitzaldia ere programatu da martxoaren 5erako. Pelbis-zoruaren inguruko hitzaldi hau Amorebieta-Etxanoko osasun zentroko emaginaren eskutik etorriko da.

Pelbisaren oinarria itxi eta puxika, uteroa eta ipurtestea posizio egokian mantentzen dituzten muskuluen eta lotailuen sistema da pelbis zorua. Haurdunaldiak, kirolaren praktika, menopausia, loditasuna eta beste zenbait faktore muskulu horiek ahulduz doaz eta, besteak beste direla, gernu-ihesa eragin dezakete. 

Gorputzaren atal horiek sendotzeko eta, horrela, inkontinentziaren prebentzioan lan egiteko tratamenduak, metodoak eta ariketak aurkeztuko dira hitzaldian.
Zelaieta zentroan izango da, iluntzeko 19:00etan, debalde.