Emakumeen Nazioarteko Eguna Amorebieta-Etxanon

2014/03/03
• Urtero bezala, kontzentrazioa egingo da martxoaren 8an, eguerdiko 13:00etan, Herriko plazan, eta erakunde adierazpena irakurriko dute bertan. • Larunbatean, egun osoan, Emakumeen Artisautza eta Nekazaritza Azokaren XVII. edizioa izango da Zelaieta parkean.

Amorebieta-Etxano, 2014ko martxoaren 3a. Amorebieta-Etxanoko Udaleko Berdintasun arloak, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko Udal Batzordearekin batera eta Kultura arloaren eta udal liburutegiaren lankidetzarekin, udalerrian Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldiak antolatu ditu martxoaren 8rako.
Horrela, egunaren bezperan, hau da, martxoaren 7an, ostiralarekin, Emakumeen Abesbatzen topaketa izango da, SANTURTZIKO AHOTS ZURIAK eta Zornotzako ALAIAK koruen partaidetzarekin. Zornotza Aretoan jardungo dute iluntzeko 20:00etan hasita.

Larunbatean, martxoak 8, egun osoan, Emakumeen Artisautza eta Nekazaritza Azokaren XVII. edizioa ospatuko da Zelaieta parkean. Euskal Herriko hainbat tokitatik etorriko diren emakumeek era askotako produktuak bertaratuko dizkigute: ogia, ahatekiak, gozogintza, mermeladak eta frutaz egindako gozoak, etxeko hanburgesak, barazkiak, gazta eta esnekiak, bitxigintza, larrua, zeramika, xaboiak, jantzi eta osagai birziklatuak...
Ekitaldi nagusia Herriko plazan izango da: Emakumeen Nazioarteko Egunean ohikoa izaten den kontzentrazioa egingo da, eguerdiko 13:00etan, eta erakunde adierazpena irakurriko da bertan.

Arratsaldean “ANTZERKIA ALDAPAN” izango dute nerabeek gozagarri, iluntzeko 20:00etatik gaueko 23:00etara bitartean, gazteentzako Gauero gaueko aisialdi programaren barruan.
Igandean, martxoak 9, arratsaldeko 18:00etan, Gazte Txokoan proiektatuko den TOMBOY filma ere gazteei zuzenduta egongo da.

Azkenik, martxoaren 10ean hasi eta zortzi astebetez, interesa duten bizilagunek BOOKTRAILER delako batean parte hartzeko aukera izango dute. Literatura eta zinea konbinaturik eta emakumeen ahotsak oinarri egingo den tailerra izango da. Liburu jakin bat irudi bilakatzea da helburua, guztia emakumeek eginda, urte luzeetan gizonezkoak nagusi izan dituzten arloetan emakumeen zeregina azpimarraturik horrela.
 
Tailer horretan izena eman nahi dutenek, otsailaren 17tik martxoaren 5era arteko epea izango dute, eta Zelaieta zentrora zuzendu beharko dute horretarako. Informazio gehiago nahi izanez gero, 946300650 telefono zenbakira dei daiteke.
Tailerraren prezioa 10 eurokoa izango da.