Udalak Arau Subsidiarioetan aldaketa bat onartu du, San Pedro eta Nemesio Bikandi kaleen ingurunea hobetzeko, eremuan bizi diren pertsonak kontuan hartuta

2021/10/29
• Udalak, aldaketa puntual honekin bi helburu ditu: erantzuna ematea inguru honetan bizi diren herritarrei eta hirigintza aldetik eremua hobetzea.

Amorebieta-Etxanoko Udalak hasierako onarpena eman dio gaurko Osoko Bilkuran, Arau Subsidiarioetan aldaketa bat egiteari, UE-E unitatearen parametroak berrikusteko helburuarekin. Unitate hau Kasko zonaldeko bizitegi-guneko ordenantzaren parte da, zehazki, San Pedro kaleari dagokio, Zelaieta parkearen ondoan dagoen kaleari. Kasko zonaldeko hiri-lurzoruaren zati handi bat garatu ondoren, UE-E unitatea gauzatzeak zonalde honetako eraikuntza-profila osatuko luke.

 Anartz Gandiagak, hirigintzako zinegotziak, azaldu duen bezala, aldaketa puntual honekin ingurunearen hobekuntza urbanistikoa lortu nahi da, eremuan bizi diren pertsonen beharrei erantzunez: «hirigintza mailan eta herri ereduari dagokionez, etxadia erabat itxiko dugu eta unitate honetan urbanizatzeko falta den zatia urbanizatuko dugu. Eta herritar zornotzarra erdigunean jarrita, aldaketa honekin irtenbidea emango diogu gaur egun azpi-etxebizitzetan bizi diren bizilagunen egoerari, igogailurik gabeko etxebizitza zaharrei, irisgarritasun-arazo asko dituzten etxeei, isolamendu-baldintza egokirik ez dutenei... Era berean, Amorebieta-Etxanon etxebizitza jasangarriaren eta energia-efizientearen eskaintza zabalduko dugu».

 Gaur egun, Arau Subsidiarioek eremuari ematen dioen gehieneko eraikigarritasuna fisikoki bete ezina da, eraikin berri honek barruko patioak beharko lituzkeelako.

 Gainera, denborak aurrera egin ahala, etxadi horretan dauden eraikinen zati bat hustu egin da; eta eraikin horiek erdi mailako kontserbazio-egoeran edo egoera txarrean daude. Horien ordez, zonarekin bat datozenak eraiki beharko lirateke,  fatxada unitarioa mantenduko luketenak. Solairuen kopuruari dagokionez, aipatzekoa da gaur egungo altuera-desberdintasuna, lau solairutik zortzi solairura bitartekoa. Udalak aurreikusitako jarduketa bakar horrek konpondu egingo luke lehendik dauden aldameneko eraikinekin dagoen trantsizio hori.

 Osoko Bilkurak gaur bozkatu eta onartu duen Arau Subsidiarioen aldaketa puntualak beste alderdi garrantzitsu batzuk ere aurreikusten ditu etorkizuneko kudeaketaren ikuspegitik, egikaritze-unitatea handituz eta aldameneko bi eraikinak erantsiz, erremate hobea lortzeko.