Ekialdeko Errege Magoek Amorebieta-Etxanoko haurren laguntza eskatu dute, kabalgatan paje gisa jarduteko

2021/11/25
Dagoeneko izena eman dezakete Erregeen kabalgatan parte hartu nahi duten 9 urtetik gorako neska-mutilek; Zelaieta Zentroko Gazte Txokoan eman behar dute.

Ekialdeko Errege Magoak urtarrilaren 5ean Amorebieta-Etxanon zehar egingo duten kabalgata antolatzen ari dira, azken xehetasunak lotzen. Urtero bezala, argia, kolorea eta ilusioa ekarriko dituzte udalerrira. Gau magikoa izango da, eta dena aurreikusitakoaren arabera atera dadin, kabalgatan paje lanetan aritu nahi duten haurren laguntza eskatu dute. Meltxor, Gaspar eta Baltasarren laguntzaile izan nahi duzu eta gozokiak banatu nahi dituzu ibilbide osoan zehar? Sorpresarik ez da faltako: karroza ikusgarriak, opariak, goxokiak, marrazki bizidunetako pertsonaiak, musika eta herritarren dantzak…

Kabalgata urtarrilaren 5an aterako da, arratsaldeko 18:00etan, Biarritz poligonotik, eta Gudari eta San Miguel kaleak zeharkatu ostean, udaletxera iritsiko da.

Izen ematea, Gazte Txokoan
Paje edo laguntzaile lanetan aritu nahi duten 9 urte baino gehiagoko zornotzar txikiek, dagoeneko izena eman dezakete Zelaieta Zentroko Gazte Txokoan, ondorengo ordutegian:
Astelehenetik ostegunera: 11:00-13:00 eta 17:00-20:00
Ostirala: 11:00-13:00 eta 17:00-21:30
Larunbata: 17:00-21:30
Igandea: 17:00-20:00

 *Udalak jakinarazi nahi du azken orduko aldaketak egon daitezkeela Covid 19aren eraginez.