Cristobal Aguiloren irudi batek irabazi du Amorebieta-Etxanoko kartel lehiaketa

2022/06/16
Ilustratzaile kartagotarraren lanak aintzat hartzen ditu Karmen eta Santanatxu jaietan ezagunak diren elementu eta pertsonaia ezberdinak.

Cristobal Aguilo ilustratzaile kartagotarrak irabazi du Amorebieta-Etxanoko jaietarako kartel lehiaketa. Egileak berak nabarmendu duenez, Amorebieta-Etxanoko jaiei buruz asko dokumentatu ondoren, bere diseinuan zornotzarren jaiekin zerikusia duten elementu guztiak batzen saiatu da. Honela, erreferentziazko elementu ikonografiko bihurtutako eskultura da karteleko protagonista nagusia: Patata. «Haren ondoan buruhandi bat jarri dut, Patataren antz handia zuela iruditu zitzaidalako; maitemindu aurpegiarekin jartzea bururatu zitzaidan», adierazi du Aguilok. Era berean, zornotzarrek Karmen eta Santanatxu jaietako gainerako elementu bereizgarriak antzemango dituzte, hala nola, danborrada, zapiaren dantza, marmitako lehiaketa herrikoia eta ZorHontza jaietako maskota.

 «Lan neketsua izan da»
Artista irabazleak zehaztu duenez, lan hau egitea «neketsua» izan da, plastilinaz diseinatuta dagoelako: «Lan zaila izan da, batzuei sinestea kosta bazaie ere plastilinarekin egin dudalako eta horrek denbora asko eskatzen du. Hala eta guztiz ere, onartu behar dut oso ondo pasa dudala zeregin horretan». Aguilok 1.000 euroko saria jasoko du eta irudia jaietako kartelean, jardueren egitarauaren azalean eta jaiak aurkezteko erabiltzen diren euskarri digitaletan erabiliko da.