Covid Ziurtagiria beharko da Larrea kiroldegira, Erretiratuen Etxeko jatetxera eta dantzaldira, eta Zelaieta Zentroko eta Zornotza Aretoko ekitaldi eta kontzertuetara sartzeko

2021/12/15
Gaur, abenduak 15, indarrean sartu da Lehendakariaren 47/2021 Dekretua, Europar Batasunaren Covid Digital Ziurtagiria (QR) erakutsi beharko duten establezimenduak, ekitaldiak, jarduerak eta lekuak zehazten dituena.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du Lehendakariaren 47/2021 Dekretua, establezimendu, ekitaldi, jarduera eta leku ezberdinetara sartzeko Europar Batasunaren Covid Digital Ziurtagiriaren (QR) eskakizuna zehazten eta zabaltzen duena. Eusko Jaurlaritzatik gogorarazi duten moduan, zirkulazio epidemikoaren intentsitateak gora egin du azken asteetan, eta horrek ospitale-ohe gehiago hartzea ekarri du. Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak prebentzio eta euste-neurriak ezarri eta egokitu ditu. Alde batetik, gogorarazi du orain arteko hainbat neurri mantendu egiten direla, hala nola, maskararen erabilera, segurtasun-distantzia, eskuen higienea, barruko espazioen aireztapena eta pertsonen pilaketak saihestea. Gaur Aldizkari Ofizialean argitaratutako dekretuarekin, beste neurri mota batzuk izango dira indarrean, hala nola, Europar Batasunaren Covid Digital Ziurtagiria (QR) erabiltzea, beren jardueren izaeragatik SARS-CoV-2 transmititzeko arrisku handiagoa dakarten establezimendu, ekitaldi eta lekuetan sartzeko baldintza gisa.

Honako hauen kasua da:

  1. Kontzertu-aretoak eta erabilera anitzeko aretoak edo bestelako espazio itxiak, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura eta arte-ekitaldiak egiten direnean.
  2. Ostalaritza eta jatetxe-establezimenduak, bankete-aretoak barne, dantzatzeko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen kopurua edozein dela ere.
  3. Kiroldegi, gimnasio eta barruko beste espazio batzuetan jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten denean, bai kirolarientzat, eta baita hauen laguntzaileentzat eta publikoarentzat ere.
  4. Kirol-instalazio itxiak, hala nola estadioak, frontoiak edo antzekoak, sarbide-kontroleko sistema bat dutenean (tiketak, abonuak, gonbidapena eta antzekoak) eta 100 pertsonatik gorako asistentzia duten lehiaketak egiten direnean.
  5. Ospitaleak eta zentro soziosanitarioak, baita espetxeak ere: ospitaleratutako edo bertan dauden pazienteak eta hauek bisitatzen dituzten pertsonak.

Covid ziurtagiria ez da beharrezkoa izango 12 urtetik beherako pertsonentzat. Lokal horietako pertsonei ere ez zaie eskatuko euren lanera sartzeko garaian.

Beharrezkoa izango da Amorebieta-Etxanoko hainbat eraikin publikoetan
Dekretu berria indarrean sartzearekin batera, Amorebieta-Etxanoko Udalak zornotzarrei jakinarazi die Covid Ziurtagiria aurkeztu beharko dutela, eraikin publiko batzuetara edo horietan egiten diren ekitaldietara sartzeko, identifikazio pertsonalarekin (NAN) batera. Hala, gaurtik aurrera, beharrezkoa izango da Larrea kiroldegira sartzeko, Erretiratuen Etxeko jatetxe eta dantzaldirako, Zelaieta Zentroan eta Zornotza Aretoan egiten diren jarduera eta ekitaldietarako eta Zelaieta Zentroan dagoen tabernara sartzeko.