COVID-19arekin loturiko Amorebieta-Etxanoko establezimenduetarako laguntzak eskatzeko epea urriaren 30ean amaituko da

2020/10/02
• Diru-laguntza elementuen instalazioa eta ekipamendua finantzatzeko erabiliko da, baita birusari aurrea hartu eta eusteko elementu suntsikorrak erosteko ere. • Udalak 200.000 euro bideratuko ditu establezimendu eta negozio txikiei laguntzeko.

Amorebieta-Etxanoko Udalak udalerriko establezimendu eta negozioei jakinarazi die urriaren 30ean amaituko dela COVID-19ren prebentziorako eta eusteko egindako inbertsioengatik diru-laguntzak eskatzeko epea. Horrela, Udalak establezimendu eta negozio txikiei laguntzen die ekipamendua eta elementuak erostearen ondoriozko gastuei aurre egiteko, COVID-19k eskatzen dituen segurtasun-, prebentzio- eta euste-neurriak bermatzeko.

Udalak 200.000 euro bideratuko ditu laguntza hauetara. Udalak gastuen % 80 kofinantzatuko du, gehienez 1.000 euro eskatzaile bakoitzeko,

Laguntzak jasotzeko baldintzak hauek dira: enpresa txikiko izaera izatea, ekonomia-jardueren gaineko zergan 2020ko martxoaren 14an alta emanda egotea eta herri-administrazioen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Eskabideak Amorebieta-Etxanoko Udaleko Herritarren Arretarako bulegoetan aurkeztu behar dira. Enpresek 2020ko urriaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute eskabidea. Eskabideak erregistratu ahala ebatziko dira, erabilgarri dagoen aurrekontu-esleipena agortu arte.