Gomendioak COVID-19 birusaren aurrean

2020/03/16

Udala zabalik

Amorebieta-Etxanoko Udalak jakinarazten du udaletxeko eraikina eta herritarrentzako Arreta Zerbitzua – HAZ – irekita daudela. Herritarrei eskatzen diegu ez daitezela Udaletxera etorri baldin eta ezinbesteko beharra ez bada.

Lehenetsi honako kanalak:

  • 010 Amorebieta-Etxano / 94 630 00 02
  • Whatsapp 688 866 600
  • haz@amorebieta.eus

Boluntariotza

GURUTZE GORRIArekin koordinatuta, telefono bidezko laguntza eta etxerainoko laguntza sistema bat ezarriko da pertsona guztien oinarrizko beharrizanetarako:

  • Bakardade eta isolamendu egoeran daudenei, desgaitasuna dutenei, errefuxiatuei, 65 urtetik gorakoei edo gaixotasun kronikoak dituztenei, hau da, zaurgarritasun egoera berezian daudenei,  telefono bidezko jarraipena egingo zaie.
  • Etxean koarentenan daudenei laguntzeko ekintzak: elikagaien eta oinarrizko higiene artikuluen hornidura eta laguntza farmakologikoa, bereziki gaixo kronikoei, baina betiere mediku batek agindutako botikak izan beharko direlarik.

Boluntario moduan lagundu nahi dutenek mezu elektroniko bat bidali dezakete Gurutze Gorrira edo Herritarren Arreta Zerbitzuaren bidez egin dezakete.

Amorebieta-Etxanoko Udala izango da boluntarioak bideratuko dituena, ikusirik zeintzuk diren dauden beharrizanak.

Bizkaiko Foru Aldundiak #BizkaiaGara boluntarioen laguntza sarea aktibatu du zaurgarrienak diren adinekoei botikak eta elikagaiak erosten laguntzeko eta horrela, etxetik irten beharrik ez dezaten izan. Interesatuta daudenek 94 416 15 11 telefono zenbakira dei dezakete edo mezu elektroniko bat bidali ondoko helbidera: 

Boluntarioek informazioa, formazioa, orientazioa eta zereginak burutzeko beharrezko baliabide materialak jasoko dituzte, COVID-19aren kutsaduraren prebentziorako neurriak bereziki, horrela adinekoen eta boluntarioen babesa bermatuz.

Alarma egoeraren neurriak

Herritarrak oinarrizko beharrizanetarako erosketak egiteko, lan egiteko, adinekoak zaintzeko eta ospitalera joateko bakarrik irten ahal izango dira etxetik, jendetzak saihestuz eta gutxienez "metro eta erdiko segurtasun distantzia" bat izanez kutsadura saihesteko.

Baimenduta dauden desplazamenduak izango dira: lanera joateko, ohiko etxebizitzara itzultzeko, elikagaiak edo botikak erosteko, ospitalera joateko edo adinekoak edo mendekoak zaintzeko, banketxeetarako joateko, edo ezinbesteko arrazoi edo premia-egoera.

Bizkaibusek eta Euskotrenek %50ean murriztuko dute beraien eskaintza martxoaren 16tik, astelehenetik, aurrera.

Zabalik egongo dira elikagai eta edarien dendak, oinarrizko beharrizanenak, farmaziak, medikuak, optikak, ortopediako produktuenak, produktu higienikoenak, prentsa, estankoak, ekipo teknologiko eta telekomunikazioen dendak, etxeko abereen elikagaien dendak, tindategiak, internet, telefono edo posta bidezko komertzioak.

Maskotak paseatu ahal izango dira, pertsonak bakarrak aterako du maskota, eta beste maskota batzuen jabeekin segurtasun distantzia errespetatu beharko da beti.  Animalien elikagaien dendak zabalik egongo dira, baita albaitaritza-zerbitzuak ere.

Iturri ofizialei kasu egin

Albiste faltsuen aurrean, iturri ofizialei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu, sintomarik baduzu edo gaixotasuna transmititzeko gune batera joan bazara, etxean egon eta deitu 900 20 30 50 telefonora.

Udalak informatzen du

Amorebieta-Etxanoko Udalak hartu beharko lituzkeen neurri osagarriei buruzko informazioa helaraziko die herritarrei kanal ofizialen bidez (webgunea eta udal-bandoak), erakundeetatik iritsitako irizpideari eta gomendioei jarraituz.