Cóndor Industria Poligonoaren ingurua kutsaduraz garbitzeko eta lehengoratzeko lanak hasi dira

2010/09/07
• 1985era arte Insecticidas Cóndor lantegia zegoeneko udal-lurretan gauzatuko da ekimena. • Ingurua biziberritu eta hobetzea da jarduketaren helburua. • Uda garaian amaituko dira sasoi batean gune industriala osatzen zuten inguru horietako lur azpian dauden produktu kimikoen eta fuel-olioaren andelak kentzeko lanak. Lurraren barruko aldean daude ontzi horiek, eta ez dute kontakturik lurron kanpoko aldearekin.

Amorebieta-Etxano, 2013ko martxoaren 11a. Hasiera eman die Amorebieta-Etxanoko Udalak 1985era arte Insecticidas Cóndor lantegia zegoeneko Cóndor industria poligonoa kutsaduraz garbitzeko eta lehengoratzeko lanei. 

Uda garaian amaituko dira sasoi batean gune industriala osatzen zuten inguru horietako lur azpian dauden produktu kimikoen eta fuel-olioaren andelak kentzeko lanak.

Lurraren barruko aldean daude ontzi horiek, eta ez dute kontakturik lurron kanpoko aldearekin.

Ingurua biziberritzea eta hobetzea da jarduketaren helburua. Horrela, proiektua hiru jarduketa-esparruk osatuta dago, eta hobekuntza hauek gauzatuko dira bertan:
Poligonoaren iparraldean dago zatirik zabalena. Produktu kimikoen antzinako andelak daude arlo horretan. Hustu egingo dira eta bertatik aterako, ondoren behar den tokira eramateko. Geratzen diren lurrak aztertuko dituzte gero, kalitatea egiaztatze aldera, eta material kutsatuak erauzi ostean geratzen diren zuloak bete egingo dira. 

Bigarren eta hirugarren esparruak gaur egun 10 zenbakia daukan pabiloiaren aurrean eta lehengo bulegoen aurreko arloan daude. Fuel-olioaren bi andel daude lurperaturik inguru honetan. Hustutakoan, atera egingo dira bertatik, eta behar bezala kudeatuko.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntza dauka jarduketa honek. Inguru guztia garbitzen denean, lur garbiak ekarriko dira zuloak betetzeko eta lehengoratu egingo dira.

Lanak mailakaturik egingo dira, instalazioak poligono honetan duten enpresei ahalik eta eragozpen txikiena eragiteko. Tailer mekanikoek, biltegiek eta mekanizatu lantegiren batek osatzen dute, gehien bat, Cóndor poligonoko enpresa sarea.

Aurrekariak

Cóndor enpresa 1966an jarri zen martxan Amorebieta-Etxanon. Arratoi-pozoia, intsektizidak, herbizidak eta eratorriak ekoitzi eta merkaturatzen zituen.
1985ean itxi zen eta laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran jarri ziren gaur egun leku berean dagoen Cóndor Poligonoaren lehenengo enpresak. Bi alderdi nagusi bereiz daitezke bertan: Cóndor I Industria Poligonoa, lehendik zeuden instalazioen gainean ezarria, eta Cóndor II, aldameneko lurretan eraikitako pabilioi berriek osatua.Azken honetan daude poligonoan jardunean dirauten enpresa gehienak.

Lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2006an Udalak eta  Ingurumenaren Kudeaketarako IHOBE Sozietate Publikoak, eta abian jarri zituzten Udalaren jabetzapeko lurretako eta bere egunean enpresak okupatutako bideetako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-lanak.
Lehenbiziko ikerketa-lanak egindakoan, Cóndor Industria Poligonoan Udalaren jabetzapekoak diren lurretako lurzoruaren kalitatea errekuperatzeko proiektua diseinatzeari ekin zion Amorebieta-Etxanoko Udalak. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak, bere aldetik, onirizpena eman dio proiektuaren burutzapenari.