Bueltan da Haizetara, oraingoan online

2020/06/15
• Aurten ere zornotzarrek Nazioarteko Jaialdi honetaz gozatzeko aukera izango dute, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Kultura Sailak antolatu duen online programazio zabalari esker. • Proposamenen artean azpimarratu beharra dago Haizetararen ibilbideko 14 urteak biltzen dituen dokumentala, eta ekainaren 19an 20:15ean estreinatuko dena ondoko webguneetan: https://haizetara.eus eta https://sarrerakzornotzaaretoa.com/mediateka/.

Amorebieta-Etxano, 2020ko ekainaren 15a. Aurten ere zornotzarrek Haizetaraz gozatzeko aukera izango dute, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Kultura Sailak antolatu duen online programazio zabalari esker. Nazioarteko Jaialdiak bere ibilbidean geldiune bat egin eta atzerantz begira jarri da azken 14 urteei, ondoren aurrera egin eta 2021ko ediziorantz joateko, 15. ediziora, aurtengoa bertan behera gelditu baita osasun larrialdiaren ondorioz.


Aurten ez da lehiaketarik egongo, bandak ez dira Amorebieta-Etxanoko kaleetatik ibiliko herritarrak atzetik dituztelarik bandarik onena aukeratzeko, eta gune gastronomikorik ere ez da egongo. Hala ere, Haizetarak, ekainaren 19tik aurrera egitekoa zenak, aurten 14+ edizioa izango du: "Aurten 15 urte egingo zituen jaialdiaren istorioak, ospatu ezin izan den urtean".


Haizetararen online edizioak epaimahaikide izan zirenen parte-hartzea izango du, esaterako Roberto Moso edo José Miguel López kazetariak; eta saria irabazi eta arrastoa utzi zuten bandak: Tokyo Brass Style, yo’nle, Balkan Paradise orchestra, Sugarri edo La Banda de la María. Beraien testigantzekin eta antolakuntzako zenbaitekin, jaialdiaren 14 urteak gogoratuko ditugu, emankizunen irudiekin eta musika askorekin, ekainaren 19an 20:15ean ondoko webguneetan estreinatuko den dokumentalean: https://haizetara.eus eta Zornotza Aretoko mediateka https://sarrerakzornotzaaretoa.com/mediateka/.


Gainera, jaialdiaren historian zehar ibilbide bat egin ahal izango da, ondokoei erreparatuz: diseinu grafikoa, kartelen eboluzioa, argitaratu diren liburuxkak, parte hartzen duten txokoek jasotako diplomak, sariak edo banden laguntzaileek eraman dituzten kamisetak, zeintzuk ezinbestekoak diren jaialdiaren funtzionamendurako. Erakusketa Zelaieta parkean egongo da ikusgai ekainaren 19tik  uztailaren 12ra,   Haizetara kaleko jaialdi bat baita, eta kalean egon behar baitzen, eta baita Haizetararen web orrian eta ondokoan: www.ametx.eus.


Halaber, Unai Sasuategi argazkilariak online erakusketa bat egingo du, Haizetararen espiritua islatzeko, jaialdiko 14 edizioetan egindako argazkien aukeraketa batekin.  Ekainaren 19tik aurrera Haizetararen web orrian eta Zelaieta Zentroko online erakusketa gelan ikusgai egongo da: https://www.ametx.eus/es/servicios/zelaieta/salas-de-exposiciones/exposicion-online.