`Bosteko 2021´ erakusketa ibiltaria ikusgai izango da Zelaieta Zentroan astelehenetik, Helena Goñiren eta beste bi artesten lanekin

2021/11/19
• Erakusketa Zelaieta Zentroan egongo da azaroaren 23tik abenduaren 13ra bitartean. • Abenduaren 2an bisita gidatua egiteko aukera izango da, eta ondoren hitzaldia emango dute; biak Ivan Gomez komisarioaren eta Jaime Cuenca filosofoaren eskutik.

Arte Garaikidea bultzatzea helburu duen `Bosteko 2021´ erakusketa ibiltaria Zelaieta Zentroan izango da ikusgai azaroaren 23tik abenduaren 13ra bitartean. Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatu du erakusketa, Arrigorriaga, Basauri, Getxo eta Leioako Udalekin elkarlanean, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Laguntzarekin. Aurtengoa XXIII. edizioa izango da, eta ohi bezala, nahia da euskal artista plastikoen obra ezagunak herritarrei aurkeztea; hau da, artea zornotzar guztiei modu eskuragarrian gerturatzea. Edizio honetan Helena Goñiren, Daniel Llariaren eta Izaro Ieregiren lanak izango dira ikusgai, guztiak Zure gorputzaren agerpenak liluratuta izenburupean jasoak.

Helena Goñiren lanak, protagonista
Zelaieta Zentroan ikusgai izango den erakusketa honetan, bereziki Helena Goñiren lanek izango dute protagonismoa. Kamera eskuan hartuta, argazkilariaren eta subjektuaren arteko harremana biltzen dute Goñiren lanek. Bere lanaren zatirik handiena fotografikoa da, nahiz eta tarteka mugimenduan dauden hainbat irudi eta idatzizko hizkuntza ere uztartzen dituen. Arte Ederretan graduduna, New Yorken ere ikasitakoa da Goñi; hainbat erakusketan parte hartu izan du, bakarka eta taldeka. Ertibil deialdian bi sari jasotakoa ere bada Goñi: 2020an lehenengoa eta 2016an hirugarrena.

Bisita gidatua eta hitzaldia
Erakusketa adituen begiradatik ikusi nahi dutenek aukera ederra dute abenduaren 2an, arratsaldeko 19:00etan egingo den bisita gidatuan eta ondorengo hitzaldian: Ivan Gomez komisarioaren eta Jaime Cuenca filosofoaren eskutik. Azken honek aurreratutakoaren arabera, Helena Goñiren praktika artistikoan erlazionatzeko moduak duen garrantzia ikus daiteke, besteekin egoteak duen indarra antzematen da, gaur egungo garaia gogoraraziz. Hitzaldian gaztaroko nozioaren figura-politikoa aztertuko da, beti ere, Helena Goñiren lanak biltzen duen gai aniztasuna aintzat hartuta.

BOSTEKO 2021 - KATALOGOA