Betagarri, Los Sabandeños eta Mikel Urdangarin dira, besteak beste, Karmengo jaietako musika-proposamenak

2015/07/08
• Uztailaren 15ean ekingo zaie, urteroko moduan, jaiei, edade eta gustu guztietakoentzat osatu den egitarau oparoaz. • Zornotza Xake Klubaren eskutik etorriko da pregoia aurten.

Amorebieta-Etxano, 201eko uztailaren 08a. Datorren asteazkenean, uztailak 15, hasiko dira Karmengo jaiak, Amorebieta-Etxano urteroko moduan hamahiru egunez musikaz, kolorez, gastronomiaz, antzezlanez, eta abarrez blaitzeko. Jaien antolaketa lanetarako udalerriko elkarteen eta taldeen laguntza izan du Udalak, partaide aktibo izan baitira zornotzar guztiak, gustuak eta edadea direnak direlarik ere, hainbat jarduera ludikotan murgil daitezen atondu den programazioa osatzen.
Musikaren eskaintza anitza da benetan: Betagarri eta Vendetta taldeekin batera, Los Sabandeños, eta Mikel Urdangarin eta Anne Etchegoien ere aurki baitaitezke egitarauan. Antzerti lanak maite dituztenentzako eskaintza ere oparoa da: Kukai-Tanttaka, Ganso, dantza talde serbiarra...
Jarduerarik tradizionalenek eta jendetsuenek ere beren tokia izango dute, nola ez, programazioan, eta bertan daude marmitako txapelketa, danborradak, koadrilen eguna, txupina eta Santanatxu eguna.

Pregoia, Zornotza Xake Klubaren eskutik

Herrian errotuen dauden erakundeetako bat dugu Zornotza Xake Kluba, ibilaldi luzea eta ospe dituelarik ezaugarri nagusi. Euskadiko Xake Txapelketaren antolatzailea izan da azken urteotan eta elkarte honi esker Amorebieta izan da lehiaren egoitza. Herriko gazteen eta ez hain gazteen artean xakearekiko zaletasuna hedatzen jakin izan du Zornotza Xake Klubak eta jai batzordeak inplikazio eta konpromiso horiek nabarmendu nahi izan ditu pregoilari aukeratuta. Elkartearen presidentea den Mari Carmen Montoya zornotzar ezagun eta maitatuak jardungo du, hain zuzen, pregoilari.

Kirol jarduerak

Kultura programazio oparoaz gain, kirol eskaintza ere anitza da, urteroko moduan, Amorebieta-Etxanoko jaietan, eta hala nagusiei nola umeei doa zuzenduta: herri kirolak, xake eta tenis txapelketak, arku-tiroketaren lehiaketa, koadrilen arteko piraguen jaitsiera Ibaizabalen, pala eta esku-pilota txapelketak, umeen bizikleta-martxa, pilotari profesionalen partidak Amorebieta IV. frontoian, boloak, padela, futbola, errugbia, eta abar.
Horiez guztiez gain, uztailaren 25an, goizeko 10:00etan, Euskadiko ekitazio txapelketa osoa  ospatuko da: doma, saltoak eta krosa.

Etxeko txikienentzat

Hainbat jolas, kirol eta musika ekintza izango dituzte etxeko txikienek gozagarri: Uztailaren 19an goizeko 11:30ean Zubiondon izango den umeentzako jolas parkea, haurrentzako IV. Scalextric txapelketa (hilaren 20an), umeentzako arrantza lehiaketa (uztailaren 18an goizeko 09:00etan Ibaizabalen), haurrentzako bolo-txapelketa (uztailaren 18an, larunbata, goizeko 11:00etan bolatokian) eta haur-danborrada tradizionala (uztailaren 23an, 19:00etan) dira, besteak beste, aipagarrien.

Koadrilak eta herri-ospakizunak

Uztailaren 17an, ostiralarekin, Koadrilen Eguna izango da txosnen gunean, eta hainbat ekimen gauzatuko dira, herri bazkaria barne. Amorebieta-Etxanoko lagun taldeek izango dute, halere, beste ekintza eta lehiaketarik ere: koadrilen arteko Talent Showa (uztailaren 21a, asteartea, 19:00etan), mozorroen XVI. desfilea (hilak 27, 19:30ean txosnetan), piraguen jaitsiera Ibaizabalen (uztailaren 23an, 18:30ean), lagun-taldeen arteko herri-kirolak... Beste alde batetik, marmitako txapelketa jendetsua ere ospatuko da beste behin, uztailaren 18an, larunbata.

Berdintasuna

Amorebieta-Etxanoko 2015eko karmengo jaietan aurrera eramango den berdintasunean oinarrituriko sentsibilizazio kanpainak lema hau erabiliko du: jaiak berdintasunean gozatu.

Jai egunetan etxeko eta familiako ardurak denon artean partekatzen baditugu, denok jai giroaz disfrutatzeko denbora gehiago izango dugula ikustarazi nahi da lema honen bitartez. Beraz, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrak egun hauek ere berdintasunean bizitzera animatu nahi ditu: Txosnetan, jaietako ekintza desberdinertan, antolaketan, plazan, dendetan, tabernetan eta nola ez etxean.
Jai giroa ligatzeko aukera paregabea bihurtzen da eta horren aurrean ere betaurreko moreak janztera animatzen ditugu herritarrak ezetza ez dela argi utziz.
Sentsibilizazio kanpaina honetan zehar aurreko urteetan banatu izan diren eraso sexisten aurkako txapak txosnetan eskuragarri egongo dira, eta urte honetan diseinaturiko serbiletak taberna eta txosna desberdinetan egongo dira. Gainera, Marmitako egunean 3.000 pegatina banatuko dira parte hartzaileak eta inguruan dauden herritarrak lemarekin bat egitera animatuz.