Benetan Be konpainia Zornotza Aretoan izango da bihar "Porno vs Afrodita" bere bigarren ikuskizuna taularatzeko

2021/04/22
• Benetan Be antzerki-taldeko kideak obra hau sortzen hasi ziren, belaunaldi ezberdinetako pertsonek sexuaz eta sexu-heziketaz hitz egitean ditugun oztopoez jabetuta eta gazteenen artean pornoaren kontsumoak duen pisuaz arduratuta.

Amorebieta-Etxano, 2021eko apirilaren 22a, osteguna. Benetan Be antzerki konpainiak "Porno vs Afrodita (o i #gorkaurbizu)" bere bigarren euskarazko lana aurkeztuko du bihar, ostiralean, Zornotza Aretoan 19:00etatik aurrera. Konpainiaren lan berri hau helduentzako eta oraindik ez direnentzako umorezko antzezlana da eta heziketa afektiboa eta sexuala hartzen du ardatz, zuzeneko musikan bustitako komedia zoroa.

Benetan Be antzerki-taldeko kideak obra hau sortzen hasi ziren, belaunaldi ezberdinetako pertsonek sexuaz eta sexu-heziketaz hitz egitean ditugun oztopoez jabetuta eta gazteenen artean pornoaren kontsumoak duen pisuaz arduratuta.

Umorez eta musikaz lagundurik, helduek zein gazteek ikusteko eta gozatzeko lana da, eta guztiok zailtasun berberak ditugula eta aldi berean, jasotzen eta ematen dugun sexu- eta afektibitate-hezkuntzari buruz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu.

Porno y Afrodita

Patricia Urrutiak, Juanjo Oterok eta Jon Zumelagak osatzen dute Gaztetxe batean gertatzen den antzezlan honen aktore zerrenda. Soinu-proba. Azken kontzertua Gaztetxean. Gaztetxea ixtera doa. Gazteak heldu zaizkigu eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere bada. Seme-alabek, lanek, nekeak, gain hartu dute. Soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta euren inguruko ume eta gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango dugu zentzuen aurrean. Betiere, Porno eta Afrodita jainko-jainkosa basatien begirada apetatsupean.

Sei gizabanako hilkor, bizitzarekin ahal duten moduan moldatzen, bi heroi super cool, eta bi jainko-jainkosa ahalguztidun gizaki gaixoek debekatuta duten guztiaz gozatzen. Izango da antzerkia, izango da musika, izango da barre-algara, mina, pasioa, haragia, odola. Izango da rock and rolla.