Amorebieta-Etxanoko Udalak eskolaz kanpoko kirol-begiraleentzako II. ikastaroa emango du

2008/09/25
Printzipioz, ikastetxeetan entrenatzaile dabiltzanei edo ibili nahi dutenei dago zuzenduta, baina interesa duten guztiek har dezakete parte • Ikastaroa zortzi ordukoa izango da, eta lau egunetan emango da • Izena emateko epea urriaren 10ean amaituko da

Amorebieta-Etxanon, 2008ko irailaren 24an. Ametx erakunde autonomoak abian jarri du eskolaz kanpoko kirol begiraleentzako II. ikastaroa euskaraz.
Printzipioz, ikastetxeetan entrenatzaile dabiltzanei edo ibili nahi dutenei dago zuzenduta, baina interesa duten guztiek har dezakete parte.
Ikastaroa urriaren 21etik 30era bitartean emango da, astearte eta ostegunetan Zelaieta Zentroan. Saio bakoitza bi ordukoa izango da, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara. Matrikula egiteko 8 € ordainduko dira eta ikastaroaren amaieran asistentzia-ziurtagiria eta gaiarekin lotutako material didaktikoa emango zaizkie partehartzaileei.
Prestakuntza saio hauen oinarria partaidetza-metodologia izango da eta bertan esperientzia eta iritziak partekatu eta talde-lana bultzatuko da. Izena emateko, fitxa bete behar da Zelaieta Zentroko sarreran, eta epea urriaren 10ean amaituko da.