BBK Artearen Ibilbidea Bilboko Arte Ederren Museoaren eskutik Amorebieta-Etxanoko Zelaieta parkean izango da azaroaren 11tik 18ra bitartean

2020/11/06
La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea ekimenaren helburu nagusia museoaren bilduma bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea eta herritarrak artera gerturatzea da.

Erakusketa ibiltaria da. Asmo didaktikoa du, eta funtsezko ibilbidea eskaintzen du museoaren bildumako 40 maisulanetan zehar; kalitate handiko teknika erabiliz egindako erreprodukzioak dira, eta xehetasunen zehaztasun txundigarria eta kolorearen fideltasun handia dute. 40 lanetatik 24k QR kodea izango dute, eta erakusketa ikustera bertaratzen direnei aukera emango diete gailu mugikorrean iruzkinak dituzten audio fitxategiak doan deskargatzeko (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez). Gainera, 6 lanek haurrentzako diseinatutako kontakizun bat izango dute, 5 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendua.

La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea ekimenaren helburu nagusia museoaren bilduma bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea eta herritarrak artera gerturatzea da. Horrela, publikoak pinakotekaren ondare komun aberatsaz gozatu ahalko du eta bere garrantziaz jabetzeko aukera izango du, artearen historiako hainbat garai eta eskolatako artista handien obra nabarmenen bidez.

Proiektua eta proposamen didaktikoa  Pinakotekako Erakusketa Saileko Miriam Alzuri izan da "Museo ibiltariaren" proiektu honen koordinatzailea; berak egin ditu komentarioak ere, premisatzat harturik hautatutako obra bakoitza ulertu eta gozatzea erraztuko duten irakurketa bisualeko gakoak ematea. María Victoria Antoñanzas eta César Ochoa, berriz, Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailekoak biak, proposamen didaktikoa egiteaz arduratu dira; horretan, batetik, hezitzaile batek publikoari lagunduko dio, ibilbidean orientabideak emanez eta parte-hartzaileen galderei erantzunez, eta, bestetik, bisita dinamizatuak eskainiko zaizkio zenbait kolektibori.

 Bisita dinamizatuak. Erakusketa osatzen duen zati funtsezko gisa, bisita dinamizatuak eskainiko dira, dohainik, bereziki ikasleentzat diseinatuak (DBH, Batxilergoa eta LH), bai eta kolektibo eta elkarte kulturalentzat ere. Bisita horietarako ordutegia 10:00etatik 13:00era izango da, astelehenetik igandera, eta asteazkenetan, 15:00etatik 18:00etara izango da. Beharrezkoa da izena ematea 944396141 telefonoan (Bilboko Arte Ederretako Museoa, ordutegia: 8:00--15:30).

 

Hitzaldi-solasaldiak. Berrikuntza gisa, bi hizketaldi-solasaldi antolatu dira egitarauaren barruan, museoaren bilduma hainbat ikuspegitatik ezagutzera emateko helburuarekin. Solasaldietako bat Emakumeen irudikapena Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman izango da (Alicia García Santos), eta besteak, berriz, Ibilbide bat euskal artean barrena Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman gaia landuko du (Arantxa Pereda Angulo). Hitzaldiak Zelaietako Auditorioan izango dira azaroaren 13an eta 17an arratsaldeko 18.30etan. Doakoak dira eta aldez aurretik izena ematea komeni da aforoa mugatua dagoelako (Zelaietan).

 

Azaroaren 13an: “Ibilbide bat euskal artean barrena Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman” Arantxa Pereda Angulo. Gure bildumaren barruan berezitasun handiena duten artisten azterketaren bitartez, saiatuko gara XIX. mendearen bigarren erditik gaur egunera arte Euskal Herrian pinturaren eta eskulturaren alorrean osatu diren planteamenduetara modu atsegin eta ulergarrian hurbiltzen.

 

Arantxa Pereda Angulo Artearen Historian lizentziaduna da. Kolaboratzailea izan da Artederren garapenean (Bilboko Arte Ederren Museoko euskal artearen Datu Basea). Euskal artearen ikertzailea da, eta ekialdeko artean espezialista. Gaur egun Orbegozo Fundazioarekin dihardu lankidetzan bertako funts artistikoen azterketan, eta Azkuna Zentroarekin, hainbat ikerketa proiektutan eta bertako hezkuntza proposamenetan.

 

Azaroaren 17an: “Emakumeen irudikapena Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman” Alicia García SantosZer zeregin bete du arteak emakumeen irudi estereotipatua eta asmo jakin batez eratua eskaintzeko orduan? Gai hori eta artearekin zerikusia duten beste hainbat aztertuko dira, generoaren ikuspegitik eta begirada berri eta berritzaile batekin.

Alicia García Santos Zuzenbidean lizentziaduna da, Emakumezkoen eta Gizonezkoen arteko Berdintasun masterra du, bai eta Kazetaritzako masterra ere. Aholkularia da Genero Berdintasunean, arte irakaslea da emakumeentzako Ahalduntze Eskoletan, eta ohiko kolaboratzailea da Bilboko Arte Ederren Museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailean, hirurogei urtetik gorako pertsonentzako programetan, generoaren ikusmoldea ekarriz artearen alorrera.