BAKQ, identifikazio elektronikoko ziurtagiria, Herritarren Arreta Zerbitzuan eskatu ahal izango dute Zornotzarrek

2021/03/15
Besteak beste, Osakidetzako, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko egoitza-elektronikoko webguneetan izapide telematiko ezberdinak segurtasunez burutzeko balio du ziurtagiri honek. Udaletxeko egoitza elektronikoko webgunean ere, instantzia orokorrak sartzea eta errolda agiria momentuan ateratzeko aukera ere emango du.

Amorebieta-Etxanon, 2021eko martxoaren 15ean, astelehena. Amorebieta-Etxanoko Udalak, Herritarren Arreta Zerbitzuaren bitartez, Izenperen BAKQ identifikazio elektronikoko bitartekoa eskuratzeko aukera emango duen zerbitzu berria jarriko du abian. Horrela, hemendik aurrera, zornotzarrek baieztatzeko eta sinatzeko prestatuta dagoen identifikazio elektronikoko ziurtagiri hau zuzenean eta doan lortu ahal izango dute, besteak beste, Osakidetzako, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko egoitza-elektronikoko webguneetan izapide telematiko ezberdinak segurtasunez burutzeko.

Udalaren egoitza elektronikoaren webgunean identifikazio hori eginez gero, instantzia orokorrak egin ahal izango dira eta erroldatze-ziurtagiria unean bertan eskuratu ahal izango da. Laster, udaletxean (07:30etik 15:00etara) eta Zelaieta Zentroan (08:30etik 21:00etara) herritarrentzat egokitutako kutxazainetan ere erabili ahal izango dira, besteak beste, ordainagiriak eta erroldari buruzko agiriak modu seguruagoan eta erosoagoan kudeatzeko.

BaKQ eskatu ahal izango dute 16 urtetik gorako pertsona fisikoek bakarrik eta ezinbestekoa izango da posta elektronikoko helbide bat eta telefono mugikor bat adieraztea gerora zerbitzua erabiltzeko balioko duen pasahitza jasotzeko. Interesa dutenek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan hartu beharko dute hitzordua 07:30etik 15:00etarako ordutegian, 010 eta 94 630 00 02 telefono zenbakietara deituz edo haz@amorebieta.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz.