Azaroak 5, Zaintzaileen Nazionarteko Eguna: Zaintzen zaitut, Zaintzen naiz, Zaintzen gara

2022/11/05

Zaintzaileen Nazioarteko Egunean, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak mendekotasun-egoeran dauden senitartekoak zaintzen eta artatzen ematen duzuen denbora aldarrikatu nahi du, urteko egun guztiak zuen eguna direla jakitun.

Egun honetan bereziki, une oro zaintzari eusteko egiten duzuen lana balioetsi nahi dugu, zuen senitartekoen ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzeko zuen denborarekin eta borondatearekin lagunduz.

Badakigu ematen duzuen zaintzak eta arretak, batzuetan, zama handia duela eta ahalegina eskatzen duela, hala nola, bakardadea, gauza askori uko egin behar izatea eta galerak, egoera konplexuei aurre egin behar diezuen bitartean.

Ahalegin hori dela eta, arreta berezia jarri nahi dugu zuen zaintzan, beharretan eta lehentasunetan. Oso ohikoa da, zaintza-lanak betetzeko helburuarekin, atseden-orduak gutxitzea eta egunari orduak, minutuak eta segundoak lapurtzea. Heroi bihurtzen zarete, zaintzarako duzuen botere handiarekin, osasunaren kaltetan.

Zaintzen duzun pertsona emozionalki besarkatzea, entzutea eta zure laguntza eskaintzea, lotura eta harremana elikatzea haren ondoan egonda, lan goraipagarria da, egiten duzun zaintzari zentzua eta esanahia ematen diona. Gogoratu zu ere errealitate honen protagonista zarela. Testuinguru horretan, norbere burua zaintzeak garrantzi handiagoa hartzen du; zure buruari espazioa, denbora eta arreta eskaintzean zure ongizate emozionala hobetzen da eta ematen duzun zaintzaren kalitatean eragina du.

Gizarte Ekintza Sailean, Zainduz programaren bidez, entzutearen eta ulertzearen bidez lagundu nahi dizugu, eta zure eskura jarri nahi ditugu askatasunez adierazi ahal izateko epaiketarik gabeko espazioak. Laguntza, orientazioa, informazioa eta/edo aholkularitza eskaintzen dizugu, zure burua ahaztu Gabe, egiten duzun zaintzaren kalitatea eta prestazioa hobetzeko.

Zure bizitzako eta zure senitartekoarentzako pertsonarik garrantzitsuena zara. Zaintzen baduzu, zaindu zaitez, eta gogoratu Zainduz-en sareak sortzen ditugula zaindu ahal izateko.