Amorebieta-Etxanoko Udalak aurrekontu parte-hartzaileetarako herritarren proposamenak jasoko ditu

2019/02/26
• Martxoaren 1etik aurrera, zornotzarrek beraien ekarpenak egin ahal izango dituzte, 2020ko kontuetan sartzeko • Inbertsioen %25 aurrekontu parte-hartzaileetan egingo diren proposamenen proiektuetarako izango da, hau da, 840.000 euro

Amorebieta-Etxano, 2019ko otsailaren 26a. Amorebieta-Etxanoko Udalak datorren ostiraletik aurrera, martxoak 1, batuko ditu zornotzarrek datorren urteko aurrekontu parte-hartzaileetan jaso nahi dituzten proposamenak.

Prozesu irekia da eta herritarrek beraien ekarpenak egin ahal izango dituzte eta adierazi nola nahi duten erabili Udalaren aurrekontuaren zati bat. Proposamenak 2019ko apirilaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira. Horretarako inprimaki eredua Udalaren webgunean (https://www.amorebieta-etxano.eus/aurrekontu-parte-hartzaileak), Herritarren Arreta Zerbitzuan eta Zelaieta Zentroan eskuratu ahal izango da.

Aurrekontu parte-hartzaileetarako aurrekontu zuzkidura 2020rako aurreikusitako inbertsioen %25ekoa da, hau da, 840.000 euro. 2019ko apirilaren 23tik irailaren 30era, udal sailek proposamenen edukia aztertuko dute ikuspuntu tekniko, juridiko eta ekonomikotik. Aipatu hiru baldintzetariko bat betetzen ez duten proposamenak ez dira hurrengo fasera pasatuko. Baliozkotzen ez direnak, dagokion udal sailak egindako lehentasun hurrenkera batean geldituko dira, aurrekontuen proiektuan sartu ahal izateko. Ondoren, Udalak udal kontuetan txertatu diren proiektuen berri emango du.

173 proiektu martxan
Amorebieta-Etxanoko Udalak, zornotzarrek herriko bizi kalitatea hobetzeko aurkezten dituzten beharrizanak aintzakotzat hartzeko konpromisoari eusten dio.

Zentzu honetan, azpimarratu beharra dago Udalak 2019ko aurrekontu parte-hartzaileetan 405.900 euro erabili dituela guztira, zornotzarrek aurkeztutako proposamenak martxan jartzeko.

Partida honi esker 173 auzo ekintza gauzatu ahal izan dira. Hauen artean ondokoak azpimarratu daitezke: bidegorri sarea, Amorebieta-Etxanon bizikletan ibiltzeko sare bat jartzeko proiektu estrategiko bat; ikasteko gela bat jarri Konbenio kalean; Legarrebi eta Ogenbarrena urbanizatu; Larrea eta Arraibiondoko jolas gune berria; Larreako gimnasioa handitu edo Dudeako San Migeleko eskolak birmoldatu.