Aukeran dantza konpainiak emango dio ostiralean amaiera, “Burnia” izeneko ikuskizunaz, Zornotza Aretoko denboraldiari

2010/09/07
• “Burnia” ikuskizuna, bazkideentzat dohainik eskainiko dena, Bilboko eta Bizkaiko siderurgia industriaren historiaren isla da • 2002an Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen Unai Elorriaga idazlea da gidoiaren egilea, eta Fernando Velázquez konpositorearen obra, berriz, lan honen musika. • Aukeran konpainiak euskal dantza tradizionala du oinarri, eta dantza garaikidera hurbiltzen duten koreografiak darabiltza bere lanetan.

Amorebieta-Etxano, 2013ko maiatzaren 15a. Donostiako Aukeran dantza konpainia ospetsuak emango dio amaiera ostiralean, gaueko 21:00etan, Zornotza Aretoaren denboraldiari. “Burnia” ikuskizuna eskainiko du, dohainik bazkideentzat (ikuskizunaren prezioa gainerakoentzat, 12 euro). 

SPrako tranbia lanaz 2002an Narratiba Sari Nazionalaren irabazle izan zen Unai Elorriaga idazlea da gidoiaren egilea. Bilboko eta Bizkiko siderurgia industriaren historiaren isla da lana, hasierako burdinoletatik hasi, eta labe garaietarainoko ibilbidea eginez: “Bilbon, beraren inguruetan, Bizkaian, dena da burdina; burdina izan zen gorenera eraman gintuena eta burdina izan zen, gero, belauniko jarrarazi gintuena ere. Goritu egin zen burdinoletan eta labe garaietan, gerretan irakin, Karlistadetan, Gerra Zibilean. Tren bihurtuta, itsasontzi bilakatuta, leku batetik bestera garraiatu gaitu. Burdinazko zubi gainetan bizi gara gaur ere. Burdinazkoa dugu garuna. Burdina gainean dantzatzea dagokigu oraingoan”

Musikaren ardura Fernando Velázquez konpositorearen esku izan da,  besteak beste El orfanato eta El mal ajeno filmeen soinu bandaren egilearen esku hain zuzen.

Aukeran konpainiak, 1997an sortua bera, euskal dantza tradizionala du oinarri, eta dantza garaikidera hurbiltzen duten koreografiak darabiltza bere lanetan.

Zornotza Aretoa

Ekitaldi honek emango dio amaiera Zornotza Aretoaren programazioari. Ixtear dagoen denboraldi honetan, Markeliñe konpainiaren Makinista antzezlanaren estreinaldia ikusi ahal izan dute bertaratu direnek, bai eta beste hainbat antzerti obra ere: Más pequeños que el Guggenheim (Los Guggenheim), Lengua Nabajorum eta El juicio de Dayton, besteak beste.

Ohikoa denez, zuzeneko ikuskizunen hurrengo denboraldia urriaren hasieran abiatuko da (urriak 4, ostirala) eta hasiera horretarako, hamaikatxo sariren irabazle izan den Gorakada Teatroren Munduari biraka.