Astelehenetik zabalik izango da Larrea udal kiroldegiko ikastaroetan izen ematea, urtarrila-martxoa aldirako

2021/11/17
Ikastaroetan izen ematea azaroaren 22tik 30era izango da zabalik. Ikastaro guztiak aurrez aurre egingo dira, Covid19ren aurkako neurriak aintzat hartuta.

Larrea udal kiroldegiak kirol jarduera eta ikastaro eskaintza zabala antolatu du datorren hiru hilabeteetarako: urtarriletik martxora. Jarduera hauetan izena emateko epea azaroaren 22tik 30era egongo da zabalik. 

Heldu, gazte zein haurrentzako ikastaroak
Ikastaro eskaintza zabala izango da hiru hileko honetan ere, zornotzarren adin tarte ezberdinak kontuan izanda. Helduentzako aukeren artean daude: mantentze-gimnasia, egokitzapen fisikoa, Aquagym, GAZ (Gluteoak, Abdomena eta Zangoak), Comby, Pilates, Xunba, Spinbike eta igeriketa ikastaroak.

Etxeko txikienei dagokienean, igeriketa ikastaroak antolatu ditu Udal Kiroldegiak, astean zehar edo asteburuetan egiteko aukera emanez.

Izena ematea zabalik, datorren astetik aurrera                               
Ikastaroetan izena emateko epea azaroaren 22tik 30era egongo da zabalik. Bi modutara egin daiteke: online, www.ametx.eus orrian edo Larrea udal kiroldegian bertan; abonatuek lehentasuna izango dute. Abonatu izan ez, eta Kiroldegiko ikastaroetan izena emateko abonatu egin nahi dutenek azaroaren 25a arte izango dute aukera E085 inprimakia beteta. Jasotako eskariak eskaintzen diren lekuak baino gehiago badira, zozketa egingo dela gogorarazi du Udalak.

 Aurrez aurre, segurtasun neurriekin
Ikastaro guztiak aurrez aurre izango dira, beti ere, segurtasun neurriak kontuan izanda: babes-maskara erabili beharko da uneoro, eta hala eskatzen duten jardueretan, norberak eraman beharko du bere eskuoihala eta estera. Udal kiroldegiak gogoratu du osasun-baldintzen segurtasuna mantentzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko direla, eta unean-unean legez aginduta indarrean dauden arauak ezarriko direla.

Ikusi Larrea Udal Kiroldegiko ikastaroak