Argi berdea DEK - Durangaldea Enpresa Ekimenarentzat, eskualdeko ekonomia sustatzeko erakunde berria

2022/11/23
● Proiektua Durangaldeko Mankomunitateak, Amorebieta-Etxanoko Udalak, Azterlan Fundazioak, Durangaldeko Enpresen Elkarteak, IURRETA LHIIk, ZORNOTZA LHIIk eta Maristak Durango-Ikastetxea LHIIk sustatu dute ● Durangaldea Enpresa Ekimena abenduaren 2an aurkeztuko da jendaurrean Abadiñon, Errota Kultur Etxean (10:00etan), egingo den ekitaldian

Durangon, 2022ko azaroaren 23an. DEK – Durangaldea Enpresa Ekimena errealitatea da dagoeneko. Eskualdeko ekonomia  ustatzeko erakunde berriak abian jartzeko azken pausoa eman du gaur goizean, erakundearen erregistro publikoarekin. Eskualdean eragin handia duen proiektua da, eta eskualdearen etorkizuna eraikitzen eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du. Abenduaren 2an aurkeztuko da jendaurrean, Errota Kultur Etxean (Abadiño) 10:00etan hasiko den ekitaldian.

Proiektu estrategiko berria Durangaldeko Mankomunitateak, Amorebieta-Etxanoko Udalak, Azterlan Zentro Teknologikoak, Durangaldeko Enpresen Elkarteak eta Maristak Durango-Ikastetxeak, Zornotza LHIIren eta Iurreta LHIIren laguntzarekin, osatutako talde eragilearen lan koordinatuari esker jarri da abian. Instituzio, enpresa, teknologia eta prestakuntza arloetako erakundeak dira, eta hilabeteak daramatzate lanean eskualdeko ekonomia sustatzeko DEK- Durangaldea Enpresa Ekimena abian jartzeko.

Ekimen horrek, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan du prozesu osoan zehar, eskualdearen lehiakortasuna bultzatzeko Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren barruan.

Hala, Lehiakortasun Poloak egindako diagnostikoaren ondorioz, administrazioaren, enpresen eta prestakuntza- edo/eta berrikuntza-zentroen borondateak eta haien arteko sinergiak batuko dituen, eta eskualdearen garapena eta industria-sarearen lehiakortasuna lagundu eta bultzatuko dituen industria-egitura dinamizatzeko erakundea sortzeko beharra identifikatu zen.

Horrela, DEK- Durangaldea Enpresa Ekimenaren helburuen artean, eraldaketa lehiakorra eta industria sarearen berrikuntza bilatuz eskualdearen bultzada ekonomikoa bermatzea eta enpresa aukera eta proiektu berriak sortzea daude, hori guztia talentua eta kualifikazioa maximizatuz eta kalitatezko enplegua sortzea sustatuz.

“Gaur oso pauso garrantzitsua eman dugu. DEK proiektu estrategikoa da, eta denbora asko daramagu horretan lanean, inplikatutako alderdi guztiek amankomunean duten helburuarekin. Sektore publikoa eta pribatua bateratzeko gai izan gara, baita enpresa-, teknologia- eta prestakuntza-arloak elkartzeko ere, horrela, eskualdearen garapena bultzatzeko, GJHekin eta 2030 Agendarekin lerrokatuta, baina baita Euskadi mailako programa eta estrategia nagusien esparruan ere”, azaldu du Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko eta DEKeko presidenteak.

Kepa Jon Arana DEE-AED - Durangaldeko Enpresen Elkarteko ordezkari eta DEKeko presidenteordeak azpimarratu duenez, “oso pozik gaude Durangaldeko eta Amorebietako elkarte berri honetan ahaleginak batu eta elkarlanean aritzeaz, izan ere, Durangaldean gauden erakunde guztien artean sinergiak sortzen laguntzen digu. DEKen jarduera erabakigarria izango da eskualdea Bizkaiko motor ekonomikoetako bat gisa baloratzeko”.

Bestalde, Andoni Agirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkateak adierazi duenez, “Durangaldea Enpresa Ekimena (DEK) abian jartzea oso pauso garrantzitsua da gure eskualdeko enpresek eta industriek lehiakor izaten jarrai dezaten, euren sektorean erreferente izan daitezen eta pisu handia izan dezaten. Industria-sare sendoa izateak enpleguei eusteko eta areagotzeko, eta gure udalerrietako tokiko ekonomiak bultzatzeko aukera emango digu. Amorebieta-Etxanoko Udalaren iritziz ezinbestekoa da ekimen pribatua eta publikoa eskutik joatea, izan ere, horri esker, sektorearen orainaldirako eta etorkizunerako diagnostiko zehatzagoak eta jarduera eraginkorragoak egin ditzakegu”.

Erakunde berriaren erregistroa gaur goizean sinatu da, eta bertan izan dira Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko presidentea, Andoni Agirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkatea, Xabier González Azterlan zentro teknologikoko gerentea, Pablo Pontes DEE-AEDko presidentea, Idoia Atxaga CIFP Iurreta LHIIko zuzendaria, Esther Elexgaray LHIIko zuzendaria, eta Daniel Irazola Maristak Ikastetxeko zuzendaria.