Argazkilari profesionalentzako ikastaroa emango du, gaur hasita, Olivia Arthur-ek Zelaietan

2008/10/03
PhotoEspañak urtero ematen duen Ojodepez 2008 saria irabazi du Magnum agentziakoa den eta nazioarteko ospea duen Olivia Arthur argazkilariak • Argazkilari ingeles gazte honek bere ikuspegi pertsonala erabiliko du, partaideak beren argazki-narratibaren barruan garatzera bideratzea bilatuz

Amorebieta-Etxano, 2008ko urriaren 2a. Gaur hasi eta urriaren 6a bitartean, profesionalentzako argazkilaritza-ikastaroa egingo da Zelaietan, Al-liquindoi elkarte entzutetsuak antolatu eta Magnum agentziako Olivia Arthur argazkilari ospetsuak emanda.
Bere ikuspegi pertsonala erabiliko du profesional honek ikastaroan parte hartuko duten hamabi lagunekin, partaideok argazki-narratibaren barruan euren estilo propioa garatzeko bidean jarztea bilatuz. Partaide bakoitzaren lanak era indibidualean aztertuko ditu.
Partaideak hainbat lekutatik etorritakoak dira, Portugal, Frantzia edo Italiatik, esaterako. Ikastaro honetan parte hartzeko jaso diren eskaeren artean, berriz,  bada Brasilgorik edo Belgikakorik ere.
Ametxek, bere aldetik, matrikularen kostuaren %50eko dirulaguntza emango die ikastaroan izango diren lau zornotzarrei.
Arthur-en eskariz, ikastaroaren lehenengo egunean euren 15-30 lanik onenez osatutako dossierra aurkeztu beharko dute. Horrela, tailerrari ekin aurretik, partaide bakoitzaren dossierra, proiektuak eta ideiak aztertuko dira. Argazki-entseguak egingo dituzte partaideek eta, horien osagarri, kritikak eta hitzaldiak, hala banakakoak nola taldekakoak, argazkilari bakoitzak bere argazkigintza-estiloa definitze aldera. Astelehen gauean tailerrean egiten diren lanen jendaurreko erakusketa izango da.
Olivia Arthur
Londresen jaio zen Olivia Arthur 1980an. Matematika ikasi zuen Oxfordeko Unibertsitatean eta kazetaritza-argazkigintza Londresen. Argazkilari free-lance gisa joan zen New Delhira 2003an eta bertatik abiatu zen India osoan zehar argazkiak egitera.
Hiru urte geroago, 2006an, proiektu bati ekin zion Frantzian. Europa eta Asia artean bizi diren emakumeen gaineko erreportajea zen. Pariseko Pompidou Zentroan, Milan Triennialen, Shangaiko arte-museoan eta Tokioko Shiodomeitalia zentroan antolatutako erakusketetan ikusgai egon zen proiektu haren emaitza.
Ondoren, emakumeei buruzko beste proiektu batean jardun du, ekialdeko eta mendebaldeko kulturen arteko aldeak islatuz. Azken lan horri esker, Magnumen Inge Morath saria, Museo Nazionalaren Bursary saria eta PhotoEspañaren OjodePez 2008 saria jaso ditu Arthurrek.
Al-liquindoi
Egoitza Cadizen daukan argazki-irakaskuntzarako eta elkartrukerako gunea da Al-liquindoi. Abian jarri zuten 2004an Jessica Murray-k eta Gonzalo Höhr-ek, eta harrezkero argazki-tailerrak eta proiektuak antolatzen dituzte Al-liquindoikoek espainiar estatu osoan nahiz estatutik kanpo. Argazkiaren bidez loturak sortu eta mugak haustea da Al-liquindoikoen helburua. Arte- eta kazetaritza-tresnatzat hartuta, ideiak, gertaerak eta sentimenduak transmititu nahi dituzte argazkigintzaren bidez. Hala teoria- nola praktika-mailan elkartrukea eta elkarrizketa dituzte oinarri, eta argazkilari profesionalei, zaletuei eta argazkilaritzan haratago joan nahi duten guztiei daude zuzendurik beraien ikastaroak. Argazkilaritzaren alorreko maisuek gidaturik, pentsarazi egingo dien eta euren sorkuntza-hizkuntzari lehentasuna emanez, profesionalen modura lan eragingo dien  lan-giroaz gozatu ahalko dira partaideak.