Apirilean hasiko dira `Amorebieta-Etxano Bizikletaz 2022´ plana gauzatzeko lanak

2022/03/25
• Amorebieta-Etxanoko Udalaren helburua da mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egitea eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea, bide-segurtasuna hobetuz. • Obraren aurrekontua 1.139.000 eurokoa izango da eta udazkenerako amaituta izatea aurreikusten da.

Amorebieta-Etxanoko Udalak apirilaren 4an hasiko ditu `Amorebieta-Etxano Bizikletaz 2022´ plana egikaritzeko obrak. Helburua da bizikleta bidezko mugikortasunaren aldeko apustua sustatzea eta gauzatzea, udalerrian bizikleta bideen presentzia indartuz eta bide segurtasuna hobetuz. Udalak egunero dihardu lanean Amorebieta-Etxano geroz eta udalerri jasangarriagoa izan dadin: «`Amorebieta-Etxano Bizikletaz 2022´ planari esker, gure udalerria leku erosoa eta segurua izango da bizikletan ibiltzeko. Honen erabilera sustatu nahi dugu zornotzarren artean, bizikleta euren ohiko garraiobide gisa erabil dezaten, lanera, eskolara, institutura edo kiroldegira gerturatzeko... Amorebieta-Etxanoko Udalaren apustua argia da: hartutako bideak mugikortasun jasangarriago batera garamatza, eta honek aukera emango digu hiri-ingurune osasungarriagoez gozatzeko, kutsadura gutxiago izango baitugu».

Amorebieta-Etxanoko Udalak 1.139.000 euro bideratuko ditu proiektu honetara. Behin lanak hasita, Udalak udazkenerako amaituta egotea aurreikusten du.

Hainbat esku-hartze herrian zehar
Obrek, gutxi gorabehera, sei hilabeteko iraupena izango dute eta tarte horretan hainbat esku-hartze egingo dira udalerri osoan zehar. Hauek dira egingo diren jarduketak:

  • Ingurumenaren aldetik baketsua den zona bat sortzea
  • Erdiguneko perimetroa mugatzea, sartzeko ateak ezarriz
  • Egungo  seinalizazioa hobetzea
  • Egungo bizikleta-sarearen jarraitutasuna eta konexio arazoak konpontzea
  • Dauden bidegorriak eta interkonexioak seinaleztatzea
  • Oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbide partekatuak sortzea
  • Espaloiak egokitzea