Andoni Agirrebeitia berriro Amorebieta-Etxanoko alkate

2019/06/17
• Udala eratzeko Osoko Bilkurak Agirrebeitia aukeratu du datozen lau urteetarako alkate • Alkateak gizarte kohesioa, garapen ekonomikoa eta zornotzarren bizi kalitatea sustatzeko lan egingo duela adierazi du

Amorebieta-Etxano, 2019ko ekainaren 15a. Andoni Agirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkate izendatua izan da, gaur goizean udaletxean egin den ezohiko osoko bilkuran. Agirrebeitiarentzat bigarren agintaldia izango da alkate moduan.

Alkatea karguaz jabetu da 9 zinegotziren aldeko botoekin eta 7 abstentziorekin. Beste botoa Alba Gutierrezentzat izan da, Elkarrekin Podemoseko hautagaiarentzat.

Izendatu berritan egindako diskurtsoan, alkateak gizarte kohesioa, garapen ekonomikoa eta zornotzarren bizi kalitatea hobetzearen aldeko apustua egin du. Andoni Agirrebeitiak gainontzeko alderdi politikoei gonbita egin die “herriaren alde lanean jarrai dezaten eta Zornotza bizitzeko herririk onena izan dadin”.

Udalbatza berria EAJ-PNVko 9 zinegotzik, EH Bilduko 6 zinegotzik, PSEko zinegotzi batek eta Elkarrekin Podemoseko batek osatzen dute.