Amorebono bigarren kanpaina uda aurretik hasiko da, parekorik ez duen inbertsio batekin

2020/06/04
• Amorebieta-Etxanoko Udalak 285.000 euro inbertituko ditu oraingoan (20.000 lehenengo edizioan), herriko negozioek osasun eta ekonomia larrialdiarengatik bizi duten egoera zaila arintzeko. • Uda hastear dagoen honetan, 57.000 bono salgai jarriko dira. Kanpaina abendura arte luzatuko da eta milioi bat euro baino gehiagoko eragin ekonomikoa izango duela aurreikusten da. • Gaurtik aurrera Amorebieta-Etxanoko negozio guztiek izena eman ahal izango dute, beraien jarduera edozein delarik ere.

Amorebieta-Etxano, 2020ko ekainaren 4a. Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko kontsumoa suspertzeko sekula egin den kanpainarik handiena martxan jarri du, milioi bat euro baino gehiagoko eragin ekonomikoa izango duena.  Amorebono 2020 uda aurretik dator eta 285.000 euroko inbertsio batekin egingo du. Iazko edizioarekin alderatzen badugu, %1.325 gehiago.

Inbertsioa polito handitzeaz gain, Udalak kanpainaren iraupena luzatu du. Horrela, Amorebonoren bigarren edizioa uda aurretik hasiko da eta abendura arte luzatuko da, herriko negozioek COVID-19ak eragindako osasun eta ekonomia larrialdiarengatik bizi duten egoera zaila arintzen laguntzeko
Zehazki, 57.000 bono jarriko dira salgai, 2019an baino 30 aldiz bono gehiago, orduan 2.000 bono atera baitziren.

Parte hartu nahi duten negozioek gaurtik aurrera izena eman ahal izango dute. Horretarako, izena emateko orria eskatu beharko dute posta elektronikoz helbidean edo aurrez aurre, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak horretarako prestatuko duen bulegoan (Urbano Larruzea kaleko bulego teknikoaren etxabeak), astelehenetik ostiralera 07:30etik 15:00etara.

Kanpaina honetan parte hartzeko aukera izango dute merkatariek, ostalaritzak eta lehenego sektoreak, eta baita parte hartu nahi duten Amorebieta-Etxanoko negozio guztiek, jarduera edozein delarik ere, 25 langile baino gehiago ez badituzte.

Datozen egunetan, aurrekaririk ez duen kanpaina honen berri emango zaie Amorebieta-Etxanoko herritar guztiei. 20 euroko balioa duten bonoak erosi ahal izango dira eta 2020ko abenduaren 15era arte trukatu ahal izango dira. Kontsumitzaileek 15 euro ordainduko dituzte bonoko eta gainontzeko 5 euroak Amorebieta-Etxanoko Udalak ordainduko ditu.

Amorebono 2020 kanpainaren bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak herriko sare ekonomikoa sostengatzeko bere konpromisoa agertu du berriro ere.