Amorebono 2020 hasi da: Amorebieta-Etxanon kontsumoa sustatu nahi da eskuratu ahal izango diren ia 60.000 bonurekin

2020/06/17
• 20 euroko balioa duten bonuak dira eta abenduaren 15era arte erabili ahal izango dira. Kontsumitzaileek 15 euro ordainduko dituzte bonuko eta gainontzeko 5 euroak Udalak jarriko ditu. • Kanpainan negozio guztiek parte hartu ahal izango dute, beraien jarduera edozein delarik. Bonu mota bi daude: lehenengo sektorerako gehienez 5 bonu eskuratu ahal izango dira eta 10 merkataritza, ostalaritza eta gainontzeko negozioetarako. • Amorebono 2020k aurrekaririk ez duen inbertsio bat dakar eta eragin ekonomikoa milioi bat euro baino gehiagokoa izango dela aurreikusten da.

Amorebieta-Etxano, 2020ko ekainaren 17a. 57.000 bonu izango dira guztira Amorebieta-Etxanon erosketak egiterakoan erabili ahal izango direnak gaurtik aurrera. Honekin kontsumoa dinamizatzeko herrian inoiz egin den esfortzurik handiena egingo da. Udalaren Amorebono 2020 kanpaina abendura arte luzatuko da, eta milioi bat euro inguruko eragin ekonomikoa izango duela aurreikusten da, guzti hau herriko negozioek bizi duten egoera zaila arintzen laguntzeko.


Gaurtik aurrera, 16 urtetik gorako guztiek, 20 euroko balioa duten bonuak eskuratu ahal izango dituzte. Horretarako, Amorebieta-Etxanoko Udalak Urbano Larruzea kalean jarri duen Herritarren Arreta Zerbitzura joan beharko da, ondoko ordutegian: 7:30-15:00. Kontsumitzaileek 15 euro ordainduko dituzte bonuko eta gainontzeko 5 euroak Amorebieta-Etxanoko Udalak jarriko ditu.


Bonuak 2020ko abendura arte erabili ahal izango dira kanpainari atxikitako establezimenduetan. Herriko negozio guztiek parte hartu ahal izango dute, beraien jarduera edozein delarik ere, betiere 25 langile baino gehiago ez badituzte.


Bonu mota bi daude: bata berdea lehenengo sektorerako eta bestea urdina merkataritza, ostalaritza eta gainontzeko negozioetarako. Herritar bakoitzak gehienez 5 bonu erosi ahal izango ditu lehenengo sektoreko ekoizleentzat eta 10 bonu merkataritza, ostalaritza eta gainontzeko negozioetarako.


Bonuak askatasunez dosifikatu ahal izango dira, eta aukera egongo da erosketa bakarrean denak erabiltzeko. Baldintza bakarra ez nahastea da, hau da, bost bonu berde erabili ahal izango dira gehienez kanpainan parte hartzen duen lehenengo sektoreko enpresa batean eta gehienez hamar bonu urdin eragiketa bakarrean, atxikitako negozio batean.


Ezein kasutan ez da eskudirurik bueltatuko, erosketa tiketa baino zenbateko txikiagokoa denean ez, baina ezta produktua itzultzen denean. Kasu honetan establezimenduak txartel bat emango du erosketaren zenbateko osoarengatik.


Amorebieta-Etxanoko Udalak 285.000 euroko inbertsioa egin du Amorebono 2020 kanpainarako, eta berriro ere herriko sare ekonomikoari eusteko konpromisoa agertu du.