Amorebieta-Etxanoren memoria historikoa (1931- 1945) ekarriko du gogora Udalak, maiatzean

2022/05/16
Maiatzean izango diren ekitaldi eta jardunaldien bidez, Udalak Gerra Zibilaren aurreko eta ondorengo garaiak ekarriko ditu gogora.

Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatuta, ekitaldiz betetako hilabetea izango da maiatza. Helburua da, 1931tik 1945era, Gerra Zibilaren aurreko eta ondorengo urteek Amorebietan eta Etxanon (udalerri bananduak ziren) izandako eragina gogoraraztea eta ezagutaraztea. Andoni Agirrebeitia alkateak prentsaurrekoan azaldu duenez, Amorebieta-Etxanok zor bat zuen udalerriko memoria historikoarekin: «jakin bagenekien lan objektibo bat egin behar zela, Amorebietari eta Etxanori buruz dokumentatuta zegoena jaso beharra zegoela, eta garai nahasi hartan izandako gertaerak eta gure udalerrian bizitutako giza eskubideen urraketak biltzeko unea iritsi zela».

Hori horrela, eta ikerketa bat egiteko helburuarekin, Udala Aranzadi Zientzia Elkartearekin harremanetan jarri zela azaldu du Agirrebeitiak: «hasiera batean, liburu bat argitaratzea pentsatu genuen, aurkitutako dokumentazioa jasotzeko. Zer izan zen gure harridura? Uste baino dokumentazio gehiago aurkitu zela Salamancako, Cadizeko eta beste hainbat puntutako artxiboetan. Hala, eta lortutako dokumentazio eta informazio kopurua ikusita, gaur aurkeztuko dugun programa aurrera eramatea erabaki genuen. Antolatutako ekitaldi eta jardunaldi ezberdinei esker, zornotzarrek Amorebieta-Etxanoko memoria historikoari buruzko informazioa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute».

Amorebieta-Etxanok hiru ezaugarri nagusi
Kultura eta Kirol zinegotzi den Luciano Martínezek azaldu duen bezala, Amorebieta-Etxanori buruzko hainbeste dokumentazio aurkitu izanaren arrazoietako hiru honako hauek dira: «Bilboko burdin hesia erori aurretik, frontea bete-betean kokatu zen gure udalerrian. Frontea ekialdetik sartu zen eta Amorebieta eta Etxano zeharkatu zituen; beraz, gure udalerriak bonbardaketa ugari jasan zituen. Bestetik, gerrako odol-ospitalerik garrantzitsuena gure herrian zegoen kokatua. Eta, azkenik, garrantzitsua baita ere: Espainiako Estatuko emakume kartzela inportanteena ere gure udalerrian zegoen».

Luciano Martinezek azaldu du, baita ere, zergatik ez den Amorebieta-Etxano batailako funtsezko leku gisa kokatu izan: «normalean, bonbardaketak Gernikan, Durangon, Otxandion… gertatu zirela kontatzen da. Hala ere, egindako ikerketarekin jakin da Amorebietak eta Etxanok lehen aipatutako udalerriek adina bonbardaketa jasan zituztela. 20 bonbardaketa arteko dokumentazio idatzia lortu da; Gernika edo Durangorekiko aldea da, gure kasuan ez dagoela hori berresten duen dokumentu grafikorik.

Maiatzak 18, data klabea
Amorebieta-Etxanoko Udalak maiatzerako antolatutako ekitaldietako aurrenekoa larunbatean izan zen, eguerdiko 12:00etan. Luciano Martinezek azaldu duen bezala, sirena antiaereoak entzun ziren herrian,1937ko maiatzaren 14an Amorebietak eta Etxanok jasandako bonbardaketa gogora ekartzeko: «zarata hau atzo, igandea, errepikatu egin zen; eta gaur berriro entzungo da, 1937ko maiatzaren 16an gure herriak jasan zuen bonbardaketa gogoratzeko».

 Martinezek beste data garrantzitsu bat ere azpimarratu du, maiatzaren 18a: «asteazkenean maiatzeko egunik garrantzitsuena izango da, 1937ko maiatzaren 18an Amorebieta eta Etxano matxinatuen eskuetan erori baitziren. Bonbardaketaren ondoren, frankistak gure herrian sartu ziren. Egun osoan gertatutakoa gogoratuko dugu: 12:00etan sirena zarata entzungo da eta gerra zibileko kamioi bat herrian sartuko da hiru errekete gainean dituela, tropa frankisten sarreraren itxurak eginez. Jarraian, pebeteroa piztuko da».Arratsaldean beste bi ekitaldi garrantzitsu izango dira: batetik, aurkitutako dokumentazio guztia biltzen duen liburua aurkeztuko da: `Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa 

Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan´. Aurkezpenean Jabier Bruces izango da, liburuaren koordinatzaile eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea. Bertan bildutakoei aurkitutako dokumentazioaren inguruko azalpenak emango dizkie, eta dokumentazio horrek Amorebieta-Etxanoko memoria historikoa osatzeko duen garrantzia ere azpimarratuko du. Bideo baten bidez, Aitor Pescador liburuaren egilearen kontakizuna ere ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Segidan, aurkezpenari erreleboa hartuko dio erakusketaren inaugurazioak; Iban Gorritirekin bisita gidatua izango da.

Ikastetxeen Eguna
Gaurko aurkezpenean, Luciano Martinezek azpimarratu du egindako lana Amorebieta-Etxanoko ikasleengana iristeak duen garrantzia: «inportantea da bertako gaztetxoek jakitea zer gertatu zen gure herrian Gerra Zibilean eta Frankismoaren lehen faseetan. Hori dela eta, maiatzaren 20a Ikastetxeen Eguna izango da. Liburuan jasotakoa laburbiltzen duen dokumental labur bat ikusi ahal izango dute gerturatzen direnek, eta ondoren, erakusketan gertatu zenaren testuingurua ezagutu ahal izango dute, bisita gidatu bati esker».

Lora eskaintza
Maiatzaren 22an sirena hotsak entzungo dira berriz ere herrian, 1937an, egun berean,  herriak jasan zuen bonbardaketa gogoratzeko: «maiatzaren 22an egingo da, baita ere, Zelaieta parkean, Sociedad Artístico Cultural Zornotzak antolatutako lora-eskaintza, eroritakoen omenez».

Proiekzioa eta solasaldia
Programazioarekin amaitzeko, Luciano Martínezek azaldu du `Apaiz kartzela´ pelikula ikusteko aukera izango dela maiatzaren 31n: «iaz estreinatutako dokumentala da, eta Zamorako apaiz-kartzelan preso egondako lau apaizen bizipenak kontatzen ditu; frankismoaren errepresioa mezetan salatzeagatik galdu zuten askatasuna». Proiekzioa bukatuta, filmeko protagonistekin solasaldia egiteko aukera izango da.

IKUSI EGITARAUA