Amorebieta-Etxanoko IES Urritxe BHIko ikasleek hasi ditu Erasmus+ programa

2021/11/22
• Aurkezpena eta ongi-etorri ekitaldia izan da gaur, eta Andoni Agirrebeitia Alkateak esker hitzak izan ditu Amorebieta-Etxanoko gazteei aukera hau ahalbidetzeko esfortzua egin duten guztientzat. • Programaren baitan, ikasleek bi arlo landuko dituzte: azaroan, hondakinak lantzea, kudeatzea eta ingurumena zaintzea izango dute helburu; urtarrilean, ekintzailetzara joko dute.

Amorebieta-Etxanoko IES Urritxe BHI institutuko ikasleek hasi dute Erasmus+ programa. Gaur goizean egin dute aurkezpen eta ongi-etorri ekitaldia, eta bertan izan dira Andoni Agirrebeitia alkatea eta IES Urritxe BHIko institutuko ordezkariak, hala nola ikasleak, irakasleak, zuzendariak… Aurreskuarekin bertaratutako ordezkari guztiek ongi etorria jaso ostean, Andoni Agirrebeitia Alkateak hartu du hitza, Erasmus+ programak duen garrantzia azpimarratzeko eta zornotzarrek parte hartzeko egin duten ahalegina eta erakutsi dituen nahia goraipatzeko: «Erasmus+ programa erronka bat da guztiontzat: institutuarentzat zein parte hartuko duten neska-mutilentzat. Zornotzar gazte hauek esperientzia aberasgarriz betetako hilabeteak dauzkate aurretik: beste herrialde batean bizi, familia berri bat ezagutu, hezkuntza metodologia ezberdin batera egokitu, hizkuntza berri bat modu aurreratuan ikasi… eta hezkuntzatik haratago, halako esperientzia batek arlo pertsonalean ekarriko dizkieten onura eta bizipen guztiak».

Agirrebeitiak esker hitzak izan ditu Amorebieta-Etxanoko gazteei aukera hau ahalbidetzeko esfortzua egin duten guztientzat: «eskerrak eman nahi dizkiet IES Urritxe BHI institutuko kideei, eta bereziki, buru belarri dabiltzan hiru irakasleei: Javi Mendiolari, Argiñe Gonzalezi eta Janire Villanuevari. Zornotzako gazteek erronka ederra dute aurretik, zuei esker. Programak guztira hamar mobilitate aurreikusten ditu eta atzerriko ikasleak ona etortzeaz gain, ikasle zornotzarrek kanpora joateko aukera ere izango dute».

Bi lanketa arlo, azaroan eta urtarrilean banatuta
Bertaratutakoek Rosalinda Incardonak egindako grabatu bat jaso dute opari gisa; artistak pintura ikasi zuen eta grabatu kalkografikoan espezializatu zen Veneziako Arte Ederren Unibertsitatean. 2006an Amorebieta-Etxanora joan zen bizitzera, eta bertan duen estudioan marrazki eta akuarela tailerrak ematen ditu. Oparien banaketaren ostean, bertaratutakoak hirugarren solairura igo dira, workshopean parte hartzeko asmoz. Erasmus+ programak bi atal izango ditu: azaroan Digistories of generation Z izenburupean hondakinak lantzea kudeaketa aztertzea eta ingurumena zaintzea izango dute helburu. Urtarrilean berriz, Let’s bring dreams to reality izenburuan berak dioen moduan, ekintzailetza izango dute jomuga.

 Erasmus+ programa honetan sei herrialdeetako institutuek hartuko dute parte:

  • Italia - Istituto d´istruzione superiore `A. Lombardi´
  • Errumania – Liceaul Regina Maria
  • Bulgaria – Profesionalna Gimnazioa po Mehanoelekt Rotehnika i Elektronika
  • Turkia – Aydin Bil Kolejleri
  • Irlanada – New Cross College
  • Euskal Herria – IES Urritxe BHI