Amorebieta-Etxanoko Udalak `Ziklo plana´ aurkeztuko die herritarrei Mugikortasun Iraunkorraren Astearen barruan

2021/09/14
• Aurkezpena Zelaieta Zentroan izango da, irailaren 16an, arratsaldeko 19:00etan hasita. • Mugikortasun Iraunkorraren Astearen barruan, egun nagusia irailaren 22a izango da. Ekitaldiak Zelaieta parkean eta Gudari kalean izango dira: informazio karpa, oztopo ginkana, bide-hezkuntzako zirkuitua, partybike eta alternatiben tailerra

Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du, beste behin, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearekin; helburua da, herritarrak kontzientziatzea eta sentsibilizatzea garraio publikoaren erabileraz edo-eta bizikleta eta monopatina bezalako garraio jasangarriez. Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea irailaren 16tik 22ra izango da, eta Amorebieta-Etxanoko Udalak bi egun markatu ditu egutegian: irailaren 16an `Ziklo plana´ aurkeztuko dute, eta irailaren 22a ekitaldiz betetako eguna izango da.

 

`Ziklo plana´ren aurkezpena

Mugikortasun iraunkorraren politiken barruan, Amorebieta-Etxanoko Udalak Ziklo Plana martxan jartzea onartu zuen. Helburua da, Amorebieta-Etxanoko hirigunean bizikletaren presentzia indartzea eta honek lehentasuna izatea gainerako trafikoarekin alderatuz gero. Zornotzarrek plana xehetasun guztiekin ezagutzeko aukera izango dute datorren irailaren 16an, Zelaieta Zentroan, 19:00etan.

 

Adin guztietara zuzendutako ekitaldi jasangarriak

Irailaren 22a izango da, Mugikortasun Astearen baitan, ekitaldi gehien izango dituen eguna. Zelaieta parkea eta Gudari kalea dira aukeratutako agertokiak, eta 17:00etatik 20:00etara izango dira ekitaldiak. Informazio karpa bat egongo da, eta bertan mugikortasun osasungarriko moduen onurei buruzko mezu bat utzi ahal izango dute gerturatzen direnek, ondoren editatuko den bideoan ateratzeko. Horrez gain, oztopo-ginkana bat egongo da, eta bakoitzak bere bizikleta-trebetasunak ezagutu ahal izango ditu segurtasunez mugitzeko; jarduera horretan parte hartzeko, bizikleta eta kaskoa eraman behar dira. Aurten ere bide-hezkuntzako zirkuitua izango da, oinarrizko zirkulazio-arauak ikasteko; jarduera honetarako ere bizikleta eta kaskoa eraman behar dira. Partybikea egun honetarako antolatu den beste jarduera bat da: jarduera honen helburua da, bizikletaz gozatzea eta pedalei eragitea, beste 5 lagunekin batera, gidari baten laguntzarekin. Eta, azkenik, mugitzeko aukera desberdinak ikasteko tailerra ere izango da, '7 hizkuntzatako bota tailerra' izenekoa.

 

Prebentzio-neurriak kontuan izango dira uneoro

Udalak azpimarratu nahi du jarduera guztietan agintari eskudunek emandako prebentzio-neurriak beteko direla. Gainera, hilaren 22an, pertsona bat arduratuko da egingo den jarduera bakoitzean neurriak behar bezala betetzen direla zaintzeaz.

Informazio gehiago