Amorebieta-Etxanoko Udalak zabaldu du seme-alaben jaiotzarengatik edo adopzioarengatik eska daitekeen 2022ko diru-laguntza deialdia

2021/12/22
• Laguntza 2021eko urriaren 1etik 2022ko azaroaren30era bitartean jaiotako edo adoptatutako haurrei dago zuzendua. • Helburua da, laguntza ekonomikoa ematea familia handitzearekin batera sortzen diren premiei aurre egin ahal izateko. Udalak 50.000 euroko partida bideratu du diru laguntzarako.

Amorebieta-Etxanon bizi eta seme-alabaren bat izan edo adoptatu duten familiek diru-laguntza eska dezakete udaletxean. Udalaren helburu nagusia da, laguntza ekonomikoa ematea familia handitzearekin batera sortzen diren premiei aurre egiteko; 50.000 euro partida bideratu du 2022ko diru-laguntzarako.

Laguntza 2021eko urriaren 1etik 2022ko azaroaren 30era bitartean jaiotako haurrei dago zuzendua. Jaiotza edo adopzio anitzeko kasuetan, laguntza ume bakoitzeko emango da. Laguntza zenbatekoa 400 euro artekoa izango da ume bakoitzeko.

Umearen beharrizanetan gastatutakoak estaltzeko laguntza
Udalak azaldu duen moduen, diruz lagundu daitekeen gastua umearen beharrizanak erosteko erabilitakoa izango da. Gastu hori, gainera, Amorebieta-Etxanon umeei zuzendutako artikuluak saltzen dituzten saltoki txiki hauetako batean egindakoa izan beharko da: tokiko farmaziak, umeen arropa dendak, umeentzako etxerako artikulu eta osagarrien dendak eta umeen beharrizanak orohar estaltzera zuzendutako haur artikulu eta osagarrien dendak, hala nola, elikadurakoak eta higienekoak. Era berean, Udalak gogoratu du ez dela diruz lagunduko umea zaintzeko langileak kontratatzeari dagokion gasturik.

Eskaera egin nahi duten onuradunek bi modu dituzte: aurrez aurre, Udalaren erregistro orokorrean edo online, www.amorabieta-etxano.eus orriko egoitza elektronikoan. Onuradunek hiru hilabeteko epea izango dute eskaera egiteko haurra jaio edo adoptatzen duten egunetik. Erantzuna, gehienez, lau hilabeteko epean jakinaraziko die Udalak, eta behin ebazpena izanda, ordainketa kuota bakarrean egingo da hilabeteko bateko epean.