Amorebieta-Etxanoko Udalak udal kirol, gizarte eta kultura arloko prestakuntza eskaintza gida bakarrean batu du

2022/08/29
• ‘Zornotza, Herritarrentzako jarduerak’ izeneko gida berriak sinergiak sortzea, kostuak aurreztea eta 2023ko urtarrilera arte proposatutako programazioa zabaltzea du helburu.

Amorebieta-Etxanoko Udalak dokumentu berean jaso du datozen hilabeteetarako kirol, gizarte eta kultura arloko prestakuntza-eskaintza osoa, Zornotzan, Herritarrentzako jarduerak gida berria sortuz. Gaur bertan hasiko dira gida banatzen zornotzarren etxeetan, eta Andoni Agirrebeitia alkateak eta Ainhoa Salterain Hiritartasuneko arduradun politikoak prentsaurrekoa eskaini dute ekimen berri honen helburuak azaltzeko. “Zornotzarrentzako programazioa diseinatzerakoan, irizpideak bateratu eta sinergiak sortu nahi ditugu sailen artean”, azaldu du Ainhoa Salterain Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak. Horrela, alkateak adierazi bezala, “kostuak aurreztea” lortuko dute: “Hemendik aurrera herritarrek ez dute liburuxka bat jasoko programa bakoitzeko, baizik eta Zornotzan, Herritarrentzako jarduerak gida berria”. Amorebieta-Etxano jasangarriagoa eraikitzeko bidean herriko bizilagun askok egiten duten ahaleginari ere balioa eman nahi diote Udaleko arduradunek: “Zornotzar gazteenek Amorebieta-Etxano jasangarriagoa lortzeko urteetan egiten ari diren lanari jarraipena eman nahi diogu, 2030 Agendaren barruan eta Garapen Iraunkorraren Helburuak kontuan hartuta: gure osasuna eta ongizatea hobetuz; genero-berdintasuna bilatuz; desberdintasunak murriztuz eta kontsumo jasangarriagoa eta komunitate jasangarriagoak lortuz”. Horregatik guztiagatik, gida hori ongi gordetzeko eskatu diete herritarrei, udal programazio osoa jasotzen baitu 2023ko urtarrilera arte. Udal web orri honetan ere, HEMEN kontsulta dezakezu.

Ahalduntzeari eta autozainketari buruzko ikastaroak, hitzaldiak eta tailerrak

Zornotzan, Herritarrentzako jarduerak, zornotzarrei zuzendutako datozen lau hilabeteetarako udal-jarduerak jasotzen  ditu, eta bertan, besteak beste, ahalduntze-programa osatzen duten ikastaroak eta hitzaldiak, aholkularitza sexologikoaren inguruko zerbitzuari buruzko informazioa eta gurasoei edo adingabeen tutore diren pertsonei zuzendutako hezkidetzako hitzaldiei buruzko informazioa biltzen du. Gidak, halaber, Familien Eskolako tailerrak edo Nagusi Aretoak 60 urtetik gorako pertsonentzat antolatutakoak jasotzen ditu. Gainera, Zainduz programaren hitzaldi eta tailerrak kontsulta daitezke; mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko ardura duten bizilagunak zaintzeko egitasmoa.

 Kirol eta kultura eskaintza zabala

Amorebieta-Etxano osasuntsua bultzatzeko eta kultur jarduerak herriko etxeetara eramateko helburuari jarraiki, kirolak eta kulturak gida honetan lekua izatea ezinbestekoa da. Hala, herritarrek Larrea kiroldegiko eskaintzari buruzko informazio guztia izango dute. Bertan, mantentze-gimnasia, GAP, pilates edo igeriketa egiteko aukera nabarmentzen da, baita kiroldegitik kanpo egiten diren kirol-jarduerak ere, hala nola Ibiliaz ezagutu edo Andres Espinosa ibilbidea.  Era berean, udal euskaltegian eskainiko diren ikastaroak jasotzen ditu: adinekoentzat, etorkinentzat… zein euskara praktikatzeko elkarrizketa taldeen inguruko informazioa. Zornotzan, Herritarrentzako jarduerak, urritik aurrera eskainiko diren beste hizkuntza ikastaroen berri ere ematen du, eta irakurketa klubeko hitzorduei buruz hitz egiten du. Honela, udal liburutegian ipuinen mundua ezagutzeko aukera ematen du eta baita liburu aurkezpenez gozatzeko aukera ere. Zubiaur Musika Eskolaren prestakuntza-eskaintza gida berrian ere kontsulta daiteke.

Belarrien gozamenerako musika eta erakusketak

Era berean, dokumentu berri honetan Amorebieta-Etxanoko bi gune kultural erreferenteetan egingo diren ekimenak batzen dira: Zelaieta Zentroa eta Zornotza Aretoa. Hala, zornotzarrek urte osoko eta unean uneko ikastaroak, haur eta gazteei zuzendutakoak, 10 urtetik gorako haurrentzako doako jarduerak eta Zelaieta Zentroan egingo den Gabonetako ludoteka bereziari buruzko informazioa kontsultatu ahal izango dute gidan. Halaber, gidan jasotzen den bezala, Eleizetan jaialdia izango da zentroan bertan, estilo ezberdinetako kontzertuekin edo Bizkaiko ondareari buruzko Europako jardunaldiez gozatzeko aukera izango da espazio honetan. Bestalde, Zornotza Aretoaren programazioa, Musika Gertu ekimenaren kontzertuak eta udazkeneko eta neguko hilabete hauetan izango diren erakusketak, Zornotzan gida berrian ere jasotzen dira.

“Espero dugu programazioa zuen gustukoa izatea, ahalduntzea, euskara ikastea eta hobetzea, kirola egitea eta, horri esker, modu aktiboagoan zahartzea. Ipuinak irakurtzen eta entzuten ondo pasa dezagun, eskainitako ikastaroekin, musikarekin, bisita gidatuekin eta erakusketekin goza dezagun! Ikas ezazue eta goza ezazue!”, nabarmendu dute alkateak eta Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotziak.