Amorebieta-Etxanoko Udalak Txiki Otaegi kalea berrurbanizatu du, herritarrentzat eta merkatarientzat kale atseginagoa bihurtuz

2021/08/10
Egindako obrari esker atarietako zutabeak birmoldatu dira, zoladura estaldu da, argiztapena eta segurtasuna hobetu dira. • Udalak 83.000 euroko inbertsioa egin du.

Orain dela aste gutxitik, Txiki Otaegi kalea atseginagoa eta erakargarriagoa da bizilagunentzat. Orain arteko pasabide izaera atzean uzteko helburuarekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak berrurbanizazio lanak egin ditu inguru honetan. Egindako inbertsioa 83.000 euro ingurukoa da.

 

Txiki Otaegi: lehen eta orain

Birmoldaketa lanak Txiki Otaegi kaleko arkupetan egin dira, 2garren zenbakitik 6 Bis zenbakiraino. Obra nagusia izan da arkupeetako zutabeak eraberritzea eta zoladuraren estaldura uniformea egitea. Udalak argiztapena ere berritu nahi izan du inguru honetan, zonaldeari argitasuna eta segurtasuna emateko helburuarekin. Era berean, inguruko landaredia berreskuratu da, kaleak Zelaieta parkearekin duen lotura bisuala hobetuz. Udalak San Pedro kaleraino doan bidea ere modu uniformean zolatu du.

 

Txiki Otaegira gerturatzen direnek aldaketa nabaria atzemango dute, lehena eta oraina alderatuz gero. Herritarrentzat, pasoko kalea izatetik, itxura berriarekin, kale atsegina izatera pasatu da. Gainera, aldaketa hauek onuragarriak izango dira bertako komertzio txikiak indartzeko eta ikusarazteko.