Amorebieta-Etxanoko Udalak terrazak handiagotzeko aukera emango die ostalariei

2020/05/08
• Ezohiko eta aldi baterako neurri bat da, ostalari zornotzarrei COVID-19aren ondorio ekonomikoak aritzen lagunduko diena. • Terrazarako lizentzia duten establezimenduek eskatu ahal izango dute.

Amorebieta-Etxano, 2020ko maiatzaren 8an. Amorebieta-Etxanoko Udalak terraza handitzeko aukera emango die terrazarako lizentzia duten ostalariei, alarma egoeraren edo osasun larrialdiaren ondorioz ezarritako ezohiko neurriak indarrean dauden bitartean.

Neurria ezohikoa izango da eta aldi baterakoa, eta COVID-19aren ondorio ekonomikoak arintzen lagunduko die profesionalei, aplikatu daitekeen kasu guztietan.

Eskaria jaso ondoren, Amorebieta-Etxanoko Udalak terraza handitzeko aukera aztertuko du, ondokoak kontuan izanda: pasatzeko utzi beharreko gutxieneko zabalera, hiri altzariak non dauden, inguruan herri lanak egiten ari diren, terrazaren alboan zebra-biderik dagoen, edo bestelako osasun segurtasun eta interes publikoko inguruabarrak.

Edozein kasutan, handitu ondoren terrazaren azalera osoa ezin izango da jadanik baimendutakoaren bikoitza baino handiagoa izan.  Gainera, mahai eta aulkien banaketa terrazaren titularraren erantzukizuna izango da. Honek bezero eta oinezkoen arteko segurtasun distantzia bermatu beharko du, eta baita mahaietako bezeroaren artekoa ere.

Terrazak handitu nahi dituzten ostalariek, eskaria aurkeztu beharko dute udaletxean, establezimenduaren izena eta helbidea adieraziz eta baita terrazaren titularraren izena eta telefono zenbakia.

Eskariarekin batera titularraren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, terraza handiago hau salbuespenezko egoera honetan bakarrik eta Udalak adierazi arte izateko konpromisoa hartuz. Gainera, handitutako azalerak ostalaritzako establezimenduaren fatxadaren luzera gainditzen duenean, handitze honek eragiten dion jarduera edo lokalaren titularraren berariazko baimena erantsi beharko du.