Amorebieta-Etxanoko Udalak mugikortasun jasangarriaren eta ekipamendu berrien aldeko apustua egin du

2018/11/23
• Udalak 28.905.701 euroko aurrekontua onartu du 2019rako • Datorren urteko aurrekontuak ondokoak ditu ardatz: mugikortasun jasangarria, enplegua eta zornotzarren bizi kalitatea hobetzeko ekipamendu berriak • Inbertsioei dagokienean, Legarrebi, Astepe eta Ogenbarrenako auzoak hobetzeko 4,5 milioi erabiliko dira.

Amorebieta-Etxano, 2018ko azaroaren 23a. Amorebieta-Etxanoko Udalak 28.905.701 euroko aurrekontua onartu du 2019rako. 

Zornotzarren bizi kalitatea hobetuko duten proiektuak jarriko dira martxan, herritarrek egindako eskariei erantzunez.

Hauek dira datorren urtarrilaren 1etik aurrera indarrean egongo diren aurrekontuen ardatz nagusiak: mugikortasun jasangarria bultzatu, kultur eta kirol arloko ekipamenduak hobetu, enplegua eta jarduera ekonomikoa sortu eta azpiegitura berriak eraiki.

Zentzu honetan, Bidegorri sarea azpimarratu behar da. Herriarentzat proiektu estrategikoa da, Amorebieta-Etxanon bizikletan ibiltzeko sare bat jarri nahi bada. Honek aukera emango die gure neska-mutikoei eskolara bizikletaz joateko, ingurumena errespetatzen dugun bitartean. Hau lortzeko datorren urtean 1.435.000 euro erabiliko dira. Gainera, mugikortasun jasangarriaren politiken arloan 163.500 euro inbertituko dira bizikleta planaren lehenengo fasea inplementatzeko (2020rako 150.000 euro aurreikusten dira).

2019an Musika Eskola berria errealitate bat izango da. Lanak amaitzeko 882.237 euro beharrezkoak dira. Nafarroa Zentroa eraberritzen ere jarraituko dugu. Lan hauei esker, espazioak egokitu eta zentroko erabiltzaileei zerbitzu berriak eskaintzeko aukera dago, dibertsitateari arreta handiagoa jarriz, zerbitzu berri eta hobeekin. Honetarako 260.000 euro erabiliko dira.

Betarraganeko Urgozo kiroldegi berria eraikitzen datorren urtean hasiko da, 500.000 euroko inbertsioari esker. Lan hauekin Udalak herriko kirol eskaintza zabaldu eta hobetu nahi du, instalazioak modernizatuz eta erabiltzaileei kirola egiteko espazio zabalagoak eskainiz.

Ganeko instalazioak eraberritzeko planaren barruan, umeen igerilekuak birmoldatuko dira eta horretarako 400.000 euro behar dira.

Inbertsioak auzoetan

Auzoetan egingo diren lanei dagokienean, Legarrebiko inbertsioa azpimarratu behar da, 600.000 eurokoa. Auzoa urbanizatzeko beharko den aurrekontu osoaren zati garrantzitsu bat, beraz. Bestalde, Astepe auzoko aparkalekua eraberritu eta hobetzeko lanak ere egingo dira (177.639 euro).

Ogenbarrena auzoan urbanizazio lanen hirugarren faseari ekingo zaio. 2019an 100.000 euro erabiliko dira honetarako eta 2020an 600.000. Era berean, San Antonio auzoan oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko 147.000 euro inbertituko dira, Ixerangoko argiztapena hobetuko da eta Arraibiondon umeentzako jolas gune bat sortuko da. Hauek izango dira, beste hainbaten artean, egingo direnak. 

Beste proiektu garrantzitsu batzuk ere badaude. Hauek:

- San Migelgo eskolak eraberritzea: Guztiz eraberrituko da auzokideek beraien ekintzetarako erabili ahal izateko (170.280 €).

- Larreako jolas gunea: Naturaren parte izango den jolas gune bat eraikiko da. Tirolinak izango ditu, eskalatzeko sareak, etab. (120.000 €).

- Ikasgela: Asteko 7 egunetan zabalik egongo den ikasgela bat zabalduko da. (20.950 €).

- Ekipamendu informatikoak: Herritarrei zerbitzu berri eta hobeak eskaini ahal izango zaizkie (78.000 €).