Amorebieta-Etxanoko Udalak maskara berrerabilgarriak banatuko ditu zornotzarren artean

2020/05/12
•Herriko jostunek egin dituzte eta osasun larrialdia hasi zenetik boluntario moduan Udalari laguntzen ari den sareak postontzietan utziko ditu. •Maskara hauek hidrofugoak dira eta 30 aldiz garbitu arren ere, propietate guztiak dituzte. Geruza biko filtro bat daukate josita, eta maskara higieniko berrerabilgarriei buruz UNE 0065 zehaztapenak adierazitakoaren arabera egindako oihala.

Amorebieta-Etxano, 2020ko maiatzaren 12a. Amorebieta-Etxanoko Udalak gaurtik aurrera maskara berrerabilgarriak banatuko ditu herritar guztien artean.  Ekimen hau aurrera atera da herriko jostunen laguntzari esker, beraiek egin dituzte maskarak, eta baita osasun larrialdia hasi zenetik Udalari laguntzen ari diren boluntario sarearen laguntzari esker, hauek izango baitira maskarak herritarren postontzietan banatuko dituztenak.

Kalitate eta babes maila handiko maskarak dira. Ehundu gabeko ehunarekin eginda daude, hain zuzen ere maskara hauek egiteko gomendatzen den materialarekin. Ehuna AITEXek egiaztatu du (2020TM0607), maskara higieniko berrerabilgarriei buruz UNE0065 zehaztapena jarraituz. Hidrofugoak eta berrerabilgarriak dira, hezetasuna ekiditen dute, eta 30 aldiz garbitu arren, propietate guztiak izaten jarraituko dute.  Gainera geruza biko iragazkia daukate josita.

Bereziak dira Amorebieta-Etxanoko jostunek kanpoko geruza jarri diotelako, maskara bakoitza desberdina bihurtuz eta moda puntu bat emanez. Maskara mota bi josi dituzte: bat 14 urtetik beherakoentzat eta bestea gainontzekoentzat.

Amorebieta-Etxanoko Udalak babes elementu garrantzitsu bat herritarren eskura jarri du, baina gogoraraziz hau erabiltzea ez dela nahikoa osasun segurtasuna bermatzeko. Horregatik Amorebieta-Etxanoko Udalak gogorarazten du maskara erabiltzeaz gain, bestelako neurriak ere hartu behar direla, esate baterako, eskuak garbitu, gel desinfektantea erabili eta une oro pertsonen arteko segurtasun distantzia gorde.