Amorebieta-Etxanoko Udalak lizitaziora atera ditu Ixerango kaleko aparkalekuen obrak

2021/12/03
Lizitazio hau Ogenbarrenako 3. fasean aurreikusitako proiektuaren parte da. Udalak 177.000 euroko inbertsioa aurreikusi du; obra egiteko epea 2 hilabetekoa izango da

Amorebieta-Etxanoko Udalak lizitaziora atera du Ixerango kalean 43 aparkaleku berri egiteko obra. Proiektu honetarako 177.000 euroko inbertsioa aurreikusi du, eta lizitazioa egin ondoren, exekuzio-epea 2 hilabete ingurukoa izango da. Proiektu hau Ogengarrenaren hirugarren fasearen parte da, Amorebieta-Etxanoko Udalak 2022ko ekitaldirako egingo duen inbertsio nagusietako bat. Proiektu horretaz gain, Ogengarrenaren hirugarren faseak lizitazio-fasean dagoen beste proiektu bat ere badu, Ogenabekoa kalea eta Gudari kalearen zatia urbanizatzea aurreikusten duena, Ogenabekoa kalearen eta Ogenbarrena kalearen elkarguneen artean.

43 aparkaleku berri
Ixerango kalean 43 aparkaleku berri egiteko lanek hainbat hobekuntza ekarriko dituzte: egungo espaloia eraistea, espaloi-lerro berri bat zintarri eta bukaerekin egokitzea, eta kanpoko aparkaleku bat egitea, galburu itxurakoa, asfaltatua. Era berean, egun dauden argiak birkokatzea eta hustubidea, saneamendua eta drainatzea egitea aurreikusten dira.

Oinezkoentzako hobekuntzak Ogenabekoa eta Gudari artean
Bestalde, Ogenbarrenaren hirugarren faseak, Ogenabekoa kalearen eta Gudari kalearen tartea urbanizatzeko proiektua ere aurreikusten du. Honek oinezkoentzako hiri-espazioa hobetzea ekarriko du, espaloiak handituz, oztopoak eta zintarriak kenduz eta oinezkoen ibilbideak berdinduz. Obrak, baita ere, zonaren estetikaren eta ingurumenaren kalitatea hobetzea ekarriko du, eta hiri-multzoari kalitatezko azpiegiturak emango dizkio, hala nola argiak, hustubide-elementuak, saneamendua, drainatzea eta edukiontzien antolamendua.