Amorebieta-Etxanoko Udalak LGTBI+ Harrotasunaren Eguna ospatuko du "Harrotasuna 2021" kanpainaren bidez

2021/06/18
• Kanpaina honekin, ekainaren 25, 26, 27 eta 28an dendak eta ostalaritza-establezimenduak LGTBI+ banderaren koloreekin apaintzera eta erakusleihoetan "Harrotasuna 2021" biniloa jartzera animatu nahi dira. • LGTBI+ bandera udaletxeko fatxadan jarriko da, herritarrak sentsibilizatzeko eta herrian diskriminazioak eta estereotipoak gainditzeko. • Sabino Arana eta Zezilia Galartzagoitia kaleetako eta Zelaieta Parkeko banku batzuk ostadarraren koloreekin margotuko dira sinbolikoki.

Amorebieta-Etxanon, 2021eko ekainaren 18an, ostirala. Ekainaren 28an urtero ospatzen den Sexu Askapenaren eta LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Amorebieta-Etxanoko Udalak, Berdintasun sailaren bitartez, "Harrotasuna 2021" kanpaina jarri du abian, helburu argi batekin: diskriminazioak eta estereotipoak gainditzen laguntzea, herritarrak pertsona guztien eskubide eta askatasunen defentsan inplikatuz eta kontzientziatuz.

Kanpaina honen bidez, aniztasunarekiko konpromisoa berresten duen udalerrian bizitzeaz harro dagoela adierazi nahi du Udalak eta tokiko saltokiei eta ostalaritzari parte hartzeko aukera eman nahi izan die, alderdi horretan sozializazio-espazio gisa betetzen duten zeregina azpimarratuz

Guzti honegatik, Amorebieta-Etxanoko Udalak, "Harrotasuna 2021" ekimenaren bidez, herriko sektore garrantzitsu eta ikusgarri honi gonbita egin nahi izan dio, alde batetik, LGTBI+ kolektiboari laguntzeko eta ikustarazteko konpromisoa har dezaten eta bestetik, euren espazioetan gertatzen den edozein indarkeria homofobo irmoki gaitzetsi dezaten.

Ildo horretan, kanpainak hiru ekintza argi izan ditu ardatz:

  • Ekainaren 25, 26, 27 eta 28an, dendak eta ostalaritza-establezimenduak animatu euren erakusleihoak edo antzekoak LGTBI+ banderaren koloreekin apaintzera eta “Harrotasuna 2021” biniloa erakusleiho edo ageriko lekuetan jartzera, unean-unean edo modu jarraituan, izan ere, informazioa, sentsibilizazioa eta aldarrikapena beharrezkoak dira urte osoan zehar.
  • LGTBI+ bandera udaletxeko balkoi nagusia jarriko da, herritarrak sentsibilizatzeko eta herrian jarrera homofoboak desagerrarazteko. Bandera hau, ostadar bezala ere ezaguna, harrotasun lesbiko, gay, bisexual eta transen ikur bezala erabili da 1978tik. Kolore ezberdinek LGBTI+ komunitateko aniztasuna sinbolizatzen dute, eta hauen koloreak sarri erabiltzen dira errebindikazio ibilaldietan.
  • Sabino Arana eta Zezilia Galartzagoitia kaleetako eta Zelaieta Parkeko banku batzuk ostadarraren koloreekin margotuko dira sinbolikoki.

Ikastetxeetan sentsibilizazioa

Ildo horretan, gure haurren eta gazteen informazioa eta heziketa ezinbestekoak dira jokabide homofoboak desagerrarazteko. Horregatik, Berdintasun sailetik sexu-hezkuntza sustatzen jarraitzen da maila guztietan udalerriko ikastetxeetan. Hona hemen gaur egun mailaka ematen diren jakintzagaiak:

  • LH5  Sexu Heziketa
  • LH6 Tratu onak
  • DBH1 Tratu onak, harremanak eta sare sozialak
  • DBH2 Sexu hezkuntza genero ikuspegiarekin
  • DBH3 Genero indarkeriaren prebentzioa eta beldur barik
  • DBH4 Genero eta sexu aniztasuna
  • Batxilergoa Feminitate eta maskulinitate berriak