Amorebieta-Etxanoko Udalak Larrea Ikastetxe Publikoaren eskolaurreko eraikina birgaitzeko obra lizitaziora atera du

2021/03/12
Proiektua lizitazio-fasean dago jada; 160.000 euroko inbertsioa izango du eta uztailean eta abuztuan gauzatuko da, ikasleen oporraldiarekin batera.

Amorebieta-Etxano, 2021eko martxoaren 12an, ostirala. Larrea Ikastetxe Publikoaren eskolaurreko eraikina hobekuntza- eta birgaitze-lanak hasteko prestatzen ari da. Proiektua lizitazio-fasean dago jada; 160.000 euroko inbertsioa izango du eta uztailean eta abuztuan gauzatuko da, ikasleen oporraldiarekin batera.

Lanak beheko solairuan egingo dira eta gelak berriro banatuko dira, Hezkuntza Bereziaren egungo beharretara egokitzeko eta komun berriak izateko.

Horrela, proiektu honekin hezkuntza bereziko gelak lekuz aldatuko dira eta baita handitu ere. Birgaitzearen ondoren, trenkada mugikor baten bidez banatuko dira ikasgela horiek eta kendu egin ahal izango dira ikastetxearen premiek espazio bakarra eskatzen dutenean. Era berean, egungo berogailua kenduko da gela bakoitzean bat jartzeko eta dagoen leihoa aldatuko da, bitan zatituz. Lan hauekin batera, armairu berriak jarriko dira eta egungo armairuen ordez esekitokiak eta tiraderak jarriko dira, bai eta apalekin eta ateekin biltegiratzeko gune bat ere.

Gela berri horiek gaur egun irakasleen gela den eremuan kokatuko dira eta gela hori, aldi berean, egungo liburutegian kokatuko da. Horrela, irakasleek armairu berri bat eta office-gela bat izango dituzte erabilgarri. Liburutegia berriz, solairuaren hondoan kokatuko da. Dauden altzari guztiak aprobetxatuko da, kokapen berrietara mugituz.

Lekualdaketarekin askatutako espazioa

Bestalde, Hezkuntza Bereziko ikasgelak lekuz aldatzean askatutako espazioa jangelako langileentzako aldagela berriak sortzeko erabiliko da. Komunei dagokienez, banatzailearen egungo komuna aldatuko da, sarrerako atea murriztuz eta komun egokituan bi komun instalatuz, bata estandarra eta bestea haurrena, baita aldagailu tolesgarri bat ere.

Era berean, sarbidean ere lanak egingo dira. Han biltegi bat jarriko da eskaileren zuloa aprobetxatuz. Leku komun guztietan ere lanak egingo dira: zorua aldatuko da, elektrizitate sistema egokituko da eta hormak eta sabaiak margotuko dira. Horrela proiektuak eraikitako bolumenari eta honen akaberei eusten die, barruko banaketa bakarrik aldatuz eta Larrea Eskola Publikoko beharrizanei erantzunez.