Amorebieta-Etxanoko Udalak koronabirusaren zabalkundea geldiarazteko neurriak hartu ditu

2020/03/12
• Egoerak hala gomendatzen duen bitartean kultur eta kirol zerbitzu guztiak itxita egongo dira. • Nafarroa Zentroak ondokoak itxi ditu: jubilatuen etxea, Nagusi Aretoa, San Migel, Etxano eta Eubako eskolak, adingabeentzako EISIE eta AIDAE zerbitzuak eta Down Sindromearen Fundazioa. • Udal langileek malgutasun osoa izango dute beraien lanaldia betetzeko. Gainera, 14 urtetik beherako adingabeen edo adineko mendekoen ardura dutenek, lanaldiaren erdia egin ahal izango dute eta honek ez du soldatan eraginik izango.

Amorebieta-Etxano, 2020ko martxoaren 12a. Amorebieta-Etxanoko Udalak COVID-19 koronabirusaren zabalkundea geldiarazteko neurriak hartu ditu, Eusko Jaurlaritzaren ildo beretik.

Kultura eta kirolak

Hartutako neurrietariko bat da pertsona bakoitzaren artean metro bateko tartea uztea, baina baldintza hau betetzea ezinezkoa da esaterako larunbat honetarako, martxoak 14, aurreikusita zeuden ekitaldietan: Gazte Eguna, Martin Zalakain eta Zornotzako Musika Bandaren kontzertua.

Hau horrela izanda eta egungo egoera aldakorra denez, ekitaldi horiek atzeratu egingo dira. 

Halaber, Eusko Jaurlaritzak ikastetxe eta nagusien zentro guztiak itxi ditu. Horregatik, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Kultura eta Kirol arloak eskaintzen dituen zerbitzuak, Zelaieta Zentroak ludoteka eta Gaztetxokoarekin, musika eskolak, kiroldegiak, liburutegiak, Zornotza Aretoak, neurri handi batean gizarte talde hauei zuzenduta daudenez eta gune arriskutsuak izan daitekeenez, erantzukizunez eta koherentziaz jokatuz, egoerak hala gomendatzen duen bitartean kultur eta kirol zerbitzu guztiak itxita egongo dira.

Edozein kasutan, eta bertan behera gelditu diren ekitaldiek herritarren artean harrera ona izaten dutenez, saiatuko gara 2020an zehar beste dataren batean egiten, ekitaldiok berme guztiekin egin daitezkeenean. 

Ekonomi Sustapena eta Enplegua

Pertsona bakoitzaren artean metro bat utzi behar izateak ezinezkoa egiten du martxoaren 23rako aurreikusita zegoen Ekintzaileen Topaketa eta martxoaren 25 eta 26an egin behar zen Formazio eta Enplegu Azoka. Horregatik, bi hitzorduak atzeratu egingo dira.

Igandeetako azoka ere bertan behera geldituko da, kontrakoa jakinarazi arte.

Nafarroa Zentroa

Nafarroa Zentroak hartutako neurrien artean, ondokoak itxiko direla esan behar da:

  • Jubilatuen etxea, ileapaindegia, irakurketa gela, podologia, taberna eta jantokia. Baita Nagusi Aretoa ere.
  • San Migel, Etxano eta Eubako eskolak.
  • Eusko Jaurlaritzak ikastetxeak ixteko hartutako erabakiarekin batera, adingabeen ondoko zerbitzuak ere itxiko dira: EISEI, AIDAIE eta Down Sindromea Fundazioa.

Kontrakorik esaten ez zaigun bitartean, ondoko zerbitzuak zabalik egongo dira:

  • Desgaitasunen bat dutenentzako Eguneko Zentroa.
  • Nagusien Eguneko Egoitza.
  • Eguneko Arreta Zerbitzua.

 Udal langileak

Eskolak ixtearekin batera, Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat behin-behineko neurri hartuko ditu.

Lehenengo eta behin, langile guztiek lanaldia betetzeko malgutasuna izango dute. Lanaldia 07:00etan hasiko da eta 22:00etan amaitu.

Gainera, 14 urtetik beherako seme-alabak dituzten langileek aukera izango dute lanaldi erdi bakarrik egiteko eta horrek ez du soldatan eraginik izango. Era berean, aukera hau erabili ahal izango dute baita ere, mendeko adinekoen ardura duten langileek, betiere inguruabarrak aldatu badira Eguneko Zentro edo antzekoak ixtearen ondorioz.

 Prebentzio neurri moduan eta jasotako gomendioei jarraituz, aipatu zentroak ixtea erabaki dugu.  Uste dugu baita ere, gehiegi larritu gabe, baina denon osasunaren mesederako izango direla keinuak.

Amorebieta-Etxanoko Udalak jakinarazten du egoera normalizatzen denean ekingo zaiela berriro jarduerei.