Amorebieta-Etxanoko Udalak Kirolganeko ur jolasen gunea eraikitzeko lanak hasi ditu

2020/02/04
• Udalak Kirolgane eraldatzen jarraitzen du, datorren udatik aurrera zornotzarrek izango duten 311 m2-ko gune honen eraiketarekin. • Aldagelak berritu ondoren, bigarren fase hau hasten da. Honen ondoren beste batzuk etorriko dira, bestelako lanak egiteko: tenis pista berri bi sortu, padelerako hiru pista, igerilekuetako espazioa bikoiztu eta berdeguneak handitu.

Amorebieta-Etxano, 2020ko otsailaren 4a. Kirolganek fase berri bati ekingo dio, Amorebieta-Etxanoko Gane auzoan dagoen kiroldegia itxuraldatzeko.  Kirol eta aisialdirako proiektu handi honek hainbat lan aurreikusten ditu eta lan horiek zatika burutuko dira. Lehenengoa aldagelak berriztatzeko egin zen. Orain ur jolasen gune bat eraikitzeko txanda da.

Bigarren faseko lanen bidez umeek jolasteko hainbat elementu jarriko dira, guztira 311 m2-ko azalera batean. Datorren udatik aurrera zornotzarrek ondokoak izango dituzte: altuera handiko jolas bat, helikoptero baten helize itxura duena, eta honen besoak biraka egongo dira uraren presioarengatik; hainbat txirrista, goiko partean ontzi bat egongo da erabiltzaileei ura gainetik botako diena; norabidezko ur kanoi bat; kupula bat, arku bat eta ur kanpai bat, umeak bertan sartu eta bideak sortu ahal izango dituztelarik. Irudimena, trebezia garatzea eta motrizitatea sustatuko dituzten jolasak eskaini nahi dira.

Amorebieta-Etxanoko Udalak 350.000 euro inbertitu ditu ur jolasak jartzeko, hain zuzen ere Ganeko kiroldegiko erabiltzaileek gehien eskatzen duten kontuetariko bati erantzuna emateko.  
Lanak amaitu ondoren, Kirolganeko hurrengo faseek ondokoak aurreikusten dituzte: tenis pista berri bi eraikitzea, padelerako estalitako hiru pista eta berdeguneak handitzea. Gainera, egungo igerilekuen espazioa bikoiztu egingo da.