Amorebieta-Etxanoko Udalak Kirolgane eraldatzen jarraitzen du

2019/10/01
• Gane kiroldegiko proiektuak fase berri bati ekingo dio, ur jolasen gune zabal bat eraikiko delarik. Lanak datorren urte hasieran hasiko dira. • Aldagelak berritu ondoren, bigarren fase honekin hasiko da. Honen ondoren beste batzuk etorriko dira, bestelako lanak egiteko: tenis pista berri bi sortu, padelerako hiru pista, igerilekuetako espazioa bikoiztu eta berdeguneak handitu.

Amorebieta-Etxano, 2019ko irailaren 27a. Kirolganek fase berri bati ekingo dio, Amorebieta-Etxanoko Gane auzoan dagoen kiroldegia itxuraldatzeko.  Kirol eta aisialdirako proiektu handi honek hainbat lan aurreikusten ditu eta lan horiek zatika burutuko dira. Lehenengoa aldagelak berriztatzeko egin zen. Orain ur jolasen gune bat eraikitzeko txanda da.

 ur-jokuak-gane

Bigarren faseko lanak 2020 urte hasieran hasiko dira eta umeek jolasteko hainbat elementu jarriko dira, guztira 311 m2-ko azalera batean. Datorren udatik aurrera zornotzarrek ondokoak izango dituzte: altuera handiko jolas bat, helikoptero baten helize itxura duena, eta honen besoak biraka egongo dira uraren presioarengatik; hainbat txirrista, goiko partean ontzi bat egongo da erabiltzaileei ura gainetik botako diena; norabidezko ur kanoi bat; kupula bat, arku bat eta ur kanpai bat, umeak bertan sartu eta bideak sortu ahal izango dituztelarik. Irudimena, trebezia garatzea eta motrizitatea sustatuko dituzten jolasak eskaini nahi dira.

Amorebieta-Etxanoko Udalak 350.000 euro inbertituko ditu ur jolasak jartzeko, hain zuzen ere Ganeko kiroldegiko erabiltzaileek gehien eskatzen duten kontuetariko bati erantzuna emateko.